Haztegi ikastolako ikasle talde bat Latxartegi parkera atera da zaborrak biltzera. Legazpiko Udalak orain urte batzuk martxan jarritako 'Baietz txukun' ekimenaren baitako ekintza izan da.
Ez da bakarrik Legazpin gertatzen. Litxarrerien zorroak, pipa azalak, zigarro -mutxikinak, txakurren gorotzak, aspaldian itsatsitako txikleak… Kaleetako zoruen gainean topatu daitezkeen hondakinak dira. Zein da automatikoki bota edota jaso gabe uztera bultzatzen duen jokaera arduragabea? Zein den ezin esan, baina kaleak hala daudela begi bistan da eta kale garbitzaileak atzetik etorri behar direla da gehienetan ahanzten den detailea.
Legazpin atzo Haztegi ikastolako LH 5. eta 6. mailako eta DBH 1 eta 2ko ikasle talde bat Latxartegi parkera atera, eta bertan aurkitu zituzten hondakinak jaso zituzten; jaso, bereizi eta bildu. Orain urte batzuk egiten duten ekintza da; udalak
Baietz txukun izena jarri zion egitasmoari. Haztegikoek Elkartasun Astearen baitan kokatzen dute, urtero asteari hasiera ematen dion ekintza da.
Eric Galvez Legazpiko Udaleko ingurugiro zinegotziak aurkeztu zuen atzokoan ekintza. «Gure helburua Legazpi garbiago gordetzea da eta legazpiarren inplikazioa lortzea», esan zuen zinegotziak. «Hondakinak lurrera botatzen ditugu eta norbait jasotzera etorriko dela uste dugu. Zabor arinak, ordea, errekara joaten dira askotan eta handik itsasora», jarraitu zuen. Bide batez, ekainaren 8an Ozeanoen Nazioarteko Eguna izan zela gogoratu zuen, «gure ekarpena egin nahi dugu halako zabor arinak itsasora iritsi ez daitezen».
Kaleetako zikinkeriaren egoerak ez duela hobera egin esan zuen Galvezek, «txakurren gorotzak gehiago jasotzen dira, baina ez dira beti dagokien zakarrontzietara botatzen eta zakarrontzi horietara, gainera, bestelako zaborrak botatzen dira». Udalak urtero kale garbiketan 347.000 euro inbertitzen ditu.
Latxartegi parkea zikin
Latxartegi parkearen garbiketa mailari dagokionez, urtetan parkean bi litxarreria denda egon ostean, biak itxi eta parkean dendarik egon ez zenean gunea garbiago zegoen. Orain denda berria jarri dute inguruetan eta zabor gehiago sumatu dute, «ez da goxoki-dendaren erantzukizuna, zakarrontzien erabilera okerra da arazoa».
Danel Vadillo Haztegiko DBH1eko ikasleak atzoko ekintzan egingo zutenaren berri eman zuen: «Hondakinak jasoko ditugu, garbitzaileek lanerako materiala emango digute eta ondoren jasotakoa erakutsiko dugu». Ikasleek parkea zikin ikusten zutela esan zuten.
Bildutako hondakinak Latxartegi parkean egongo dira ikusgai egunotan. Orokorrean egin ohi den moduan akaso helduek gaztetxoen erantzukizun faltari egotziko diote zikinkeria. Erantzukizuna, baina, denona da.