Larunbatean Beasaingo Dolarea parkean Goierriko hamar irakurle taldeetako kideak elkartuko dira. Ondoren, ekitaldi artistiko literarioa egingo dute idazlearen omenez
Joan Mari Irigoien idazle donostiarra omenduko dute larunbateko topaketan. // Argazkia: Zaloa Fuentes
Larunbatean, 18:00etan, Beasaingo Dolareako parkean, Goierriko hamar irakurle taldeen topaketa egingo da, lehenengo aldiz. «Elkarren dinamikak ezagutzearekin batera», Joan Mari Irigoien idazlea omentzea ere badu helburua topaketak. Horretarako,
Consummatum est liburua irakurtzen aritu dira Goierriko irakurzaleak eta larunbatean, liburuaren inguruko solasaldia egingo dute.
Irati Goikoetxeak gidatuko du saioa, eta taldeka arituko dira. Joxe Goikoetxeak zehaztu duenez, herrietako irakurleak nahastuta jarriko dituzte. «Oraindik ez dakigu zenbat jendek hartuko duen parte, baina badakigu dagoeneko 100 bat lagun ari direla
Consumatum est liburua irakurtzen; Beasainen 60 bat lagun izatea aurreikusten dugu», dio Goikoetxeak. 50 bat minutuko saioa izango da. Jarraian, Igartza Monumentu Multzoan bisita gidatua egingo dute.
Omenaldia Irigoieni
Topaketaren azkeneko zatian, idazlea bera, Joan Mari Irigoien izango da protagonista, 19:30ean, Igartzako jauregian. «Irakurle taldeen topaketa antolatzen hasi ginenean egokia iruditu zitzaigun euskal idazle bat omentzea, eta aurten Joan Mari Irigoien aukeratu dugu», zehaztu du Goikoetxeak. Ordu bete inguruko omenaldi artistiko literarioa prestatu dute. Hainbat idazle, poeta, aktore, musikari, sortzaileek hartuko dute parte. «Ekitaldi xumea izan behar zuenak, izugarrizko dimentsioa hartu du. Joan Mari berak ilusio handiz hartu du, bere familiak eta lagunek ere bai».
Irakurle talde berriak sortu
Larunbateko egitasmoak ere badu hirugarren helburu bat: Goierriko herri gehiagotan irakurle taldeak sortzea. «Ea hurrengo urteko topaketan gehiago garen». Urtero, txandaka, herri desberdin batean egingo dute Irakurle Taldeen Topaketa.
GOIERRIKO IRAKURLE TALDEEN TOPAKETA
Taldeak
· Beasain (bi talde), Ordizia (bi talde), Zumarraga-Urretxu, Gabiria, Segura, Idiazabal, Lazkao eta Ataungo irakurle taldeek hartuko dute parte larunbatean Beasaingo Goierriko I. Irakurle Taldeen Topaketan.
Egitaraua
· 18:00. Dolarea parkean, Goierriko Irakurle Taldeen topaketa.
· 19:00. Bisita gidatua Igartza Monumentu Multzoan.
· 19:30. Joan Mari Irigoieni omenaldia, ekitaldi artistiko literarioa. Igartzako jauregian Herritar guztiei irekia dago ekitaldia.
Omenaldia
· Juan Mari Irigoienen omenaldiko saio artistiko literarioan parte hartuko dutenak: . Karlos Jimenez, Martin Kortaberria, Ixone Zurutuza, Izar Aguilar, Nahia Martinez, Itziar Gomez, Karolina Sainz de Bikuña, Gabino Murua, Jon Urdangarin, Xabier Mendiguren, Iñaki Mendiguren, Pello Añorga, Juan Kruz Igerabide, Tere Irastortza, Ekaitz Goikoetxea, Irati Goikoetxea, Jasone Osoro eta Patxi Zubizarreta bideoz, Patxi Ezkiaga (idatzi bat bidali du), Joxe Begiristainen hitzak, Irakurle Taldeetako kideak…