Garaiaren iragarle, urteko lehen Sanjoan sagarra ekarri dute, produktu berri gehiagoz eta bitxikeriz betetako atzoko feriara.
Ez da ohikoa, baina aurten hala gertatu da, Sanjoan sagarrak izena eman dion garaiari aurre hartu dio. Maria Jesus Oriaren postuan hainbat kilo ziren salgai, bakoitza 3 euroan.
Lehenengo arana, berriz, gorri txikia, Aramatik Patxi Arizmendik ekarri zuen, eta kiloa 2 euroan jarri zuen salgai. Leka, aldiz, «fin-fin eta samur-samurra dago; joan zen astean eraman nuen eta patata eta azenario berriekin jan nuen, bai beroa eta baita entsaladan ere. Gutizia!» kontatu digu bezero batek. Kiloa 6 euroan salgai da. Aire libreko leka ere hasi da.
Ziza garaia bukatzen ari da eta saltzaile bakarrak, Mikel Lasak zituen azkenetakoak izan daitezkeenak. Ziza garaian soilik etorri ohi den Garbiñe Barandiaran gasteiztarrak etortzeari utzi dio.
Bitxikeriak:
Geroz eta tomate gehiago ikusten da, negutegikoa oraindik. Tartean ale ederrak, argazkikoa lekuko. Kiloa pasa pisatu du Azkoitiko Kurutziagako Jack motako tomateak.
Joan zen astean Aste Berdea ekimena egin zuten Ordizian. Beste hainbat ekitaldiren artean,
Kimikarin, non herriko haurrek baratze bertikalak egin zituzten. Atzo oraidik plazan zintzilik ziren. Murriztu, berrerabili, berziklatu filosofia bultzatuz, botila hutsetan landareak, urazak eta marrubiak aldatu eta atzo lau egunetan irabazi dutena nabarmen zen.