«Hizkuntza bat ikasteko, beste batzuk erabiltzea tresna ona da»

Amaia Fernandez (Ikerlaria)

AMAIA_FERNANDEZ_IKERTZAILE

Irakaskuntzako doktoretza prestatzen ari da Amaia Fernandez (Lazkao, 1989). Ikasleek zer hizkuntza-baliabide erabiltzen dituzten ikertzen ari da, ikastolan datuak bilduta.

Ikergazte kongresuan lan bat aurkeztu zenuen, LHko ikasleek euskara ikasteko zer hizkunta baliabide erabiltzen dituzten. Baina garatzen ari zara.

Ikerketa hori master amaierako lanean oinarritu nuen, eta orain doktoretza egiten ari naiz: Hizkuntzen arteko elkar eragina: ikasle eleanitzek zein baliabide erabiltzen dituzten hizkuntza bat ikasteko garaian. Hiru magisteritza egin ditut: atzerriko hizkuntzan, Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntza atzerriko hizkuntzarekin. Hau hirugarren ikerketa-urtea dut, eta beste bi geratzen zaizkit.

Lazkaoko San Benito ikastolan ari zara datuak biltzen.

Bai. Bi zentrotan ari gara. San Beniton eta Gasteizko beste ikastola batean. LH5eko gelako ikas-leei, ingeleseko klaseetan audio grabazioak egiten ari gara. Ahozko produkzioak ikusi nahi ditugu, eta klase bakoitzean zortzi ikasle aukeratu ditugu.

Zer helbururekin?

Hasieran, pentsatzen genuen inguru euskalduna izateak eragina izango zuela ikasleak beste hizkuntza bat ikasterakoan —kasu honetan ingelesa— transferentziak egiterako garaian. Horregatik aukeratu genuen Lazkao, eremu euskalduna delako, eta Gasteiz, erdalduna. Ikusten ari gara inguru soziolinguistikoak eragina daukala, baina inguruneak eta modek ere baietz.

Lazkaoko ikasleen kasuan, zertan nabaritzen da hori?

Erdara asko entzuten da, hizkuntza nagusitua da, eta horrek ere eragina dauka Lazkaoko ikasleengan. Gure hipotesiak aztoratu zaizkigu, pentsatzen genuelako hemen euskara izango zela nagusiena. Bai, bada, baina erdara asko sartzen da. Eta Gasteizen, ingurune soziolinguistiko erdalduna izanda, pentsatzen genuen erdara kutsu gehiago egongo zela transferentzietan. Badago, baina euskara asko erakusten dute.

Beraz, uste baino nahastuagoa da egoera soziolinguistikoa?

Bai. Azkenean, ikasleen inguruneak eragina dauka.

Inguruan euskara nagusi izan, ala gaztelania nagusi izan, ingelesaren ikaskuntzan desberdindu egin dezake?

Bai, ikaste prozesuan zein hizkuntzak izango duen pisu gehiago: ama hizkuntzak edo bigarren hizkuntzak. Ikasle batek, nahiz eta profil eta inguru oso euskalduna eduki, transferentziak zein hizkuntzatatik egiten dituen ikusi nahi dugu orain.

Orain arte ikusitakoagatik, Lazkaoko haurrek zein hizkuntzatatik transferitzen dituzte ezagutzak?

Erdi eta erdi agian ez; euskaratik asko transferitzen dute, baina askotan nahastu egiten dituzte esaldi berean euskara, gaztelania eta ingelesa. Gehienetan, ikusten da euskara erabiltzen dutela transferentzia egiteko.

Adibidez?

Hitz egiterako garaian, «today joan naiz eskolara con mis padres». Hiru hizkuntza, esaldi batean. Ikasle horrek hutsune bat dauka hor, ingelesez hitz bat esaten ez daki agian; lehenengo hitza euskaraz etorri zaio, baina hurrena aldatu eta gaztelaniaz. Nahasketa egiten dute, beraiek komunikatzeko eta beren burua ulertarazteko. Edo, askotan, hitzak hartu eta ingeles itxura emateko -ed edo -ing bukaera jartzen diete. Grabagailua, gaztelaniaz grabadora, ingelesez grabador bihurtzen dute. Horrelako gauzak ikasleen %80k egiten dituzte, eta bi eremuetan; bai Lazkao euskaldunean, bai Gasteiz erdaldunean.

Zure ikerketaren aplikazioa zer izan liteke?

Tesiko atal bat estrategia pedagogikoak garatzea izango da, gero ingeleseko klaseetan irakasleei eskaintzeko. Guk ez dugu materialik sortu klaseetarako, orain daudenekin ikusi nahi genuen translanguaging —hizkuntzen arteko eragina— bideratzen duten. Orain dela urte gutxira arte, pentsatzen zen ingeleseko klasean beste hizkuntza bat erabiltzea gaizki zegoela. Ikerketek erakutsi dute hori ez dela horrela.

Hizkuntza bat ikasteko, beraz, beste batzuk erabiltzea ona da?

Translanguaging ez da txarra, ona baizik, ikasleak garatzen duen estrategia bat delako, bere burua ulertarazteko. Blokeoa eta isilik geratzea eragozten du, eta ikaslearen frustrazioa, ez ulertzeko beldurra ekidin. Translanguaging-aren bidez ikaslea gai da ideia bat espresatzeko, nahiz eta esaldi guztia ingelesez ez izan. Tresna baliagarria da.

Uzten zaio lekurik hizkuntzen arteko eraginari, ala lehengo eskeman ari da hezkuntza sistema hizkuntzak irakasten?

Orain sartzen ari da. Poliki-poliki indarra hartzen ari da, baina oraindik lan asko dago egiteko. Ikusi nahi dugu gaur egungo materialek translanguaging-a ahalbidetzen ote duten.

Kanpoan segiko duzu ikertzen.

Internazionala egin nahi dut, eta kanpora joan beharko dut. Unibertsitateak —Mondragonen HUHEZIn ari da— aukerak jarri dizkit, baina Minnesotako Unibertsitatea (AEB) zait interesgarriena. Nire gaia ikertzen ari den aditu bat dago, eta ikerketa-talde sendoa dauka. Arlo pedagogikoa garatu ahalko nuke han, geroko aplikaziora begira.

Utzi ekarpen bat

*

*

Send this to friend