Garagardo artisauen azoka antolatu du Beti-Gazte Animakzio elkarteak
Legazpiko Azokan izango da gaur eta bihar 18:00etatik 01:00era. Euskal Herrian ondutako 25 garagardo eskainiko dituzte. Irabaziak Salvamento Maritimo Humanitario-ra joango diraBeti-Gazte Animakzio elkarteak Aritsau Garagardoen Azoka egingo du Azokako a...
Legazpiko Azokan izango da gaur eta bihar 18:00etatik 01:00era. Euskal Herrian ondutako 25 garagardo eskainiko dituzte. Irabaziak Salvamento Maritimo Humanitario-ra joango dira
Beti-Gazte Animakzio elkarteak Aritsau Garagardoen Azoka egingo du Azokako arkupeetan gaur eta bihar 18:00etan hasi eta 01:00era arte. Helburua, elkarteko kide den Andoni Zabaletaren hitzetan, «artisau garagardoen mundua ezagutzera ematea da eta inguruko ekoizleei beraien produktuak jendaurrean aurkezteko aukera ematea, bide batez, beraien garagardoak saltzeko parada ematea, noski».Azokaren lehen ekitaldi honetan zortzi ekoizle izango dira Legazpin eta guztira 25 garagardo ezberdin. Beti-Gaztek garagardoa laguntzeko txorizo egosi eta saltxitxak prestatzeko postu txiki bat jarriko du eta fruitu lehor nahasiak doan banatuko dituzte garagardoarekin batera.
Bi egunetan zehar, ekoizleen elkartasunari esker, garagardo saski bat zozkatuko da, txartelekin bildutako dirua Euskal Herriko Salvamento Maritimo Humanitario (SMH) taldearentzat izango da.
Edalontziak 27 zl-koak izango dira, garagardo mota gehiago dastatzeko aukera emateko, Edalontziak bi eurotan salduko dira eta itzuliz gero, euro bat bueltatuko da.
Azokara doazenek gustukoen duten garagardoa bozkatzeko aukera izango dute edalontziarekin batera banatuko duten garagardoen informazio orria erabilita, eta garagardo bozkatuenaren ekoizleari Beti-Gazte elkartearen ohiko garaikurra, hau da, porroia, oparituko diotela aurreratu du Zabaletak.
Bide batez azoka antolatzeko ideia nola sortu zen azaldu du: «Duela urte pare bat horrelako azoka bat antolatu zuten Legazpiko garagardo zale batzuek. Horietako batzuekin hitz egin, eta berriz ere egitea otu zitzaigun, areago artisau garagardoa egiten duten ekoizle kopurua gora doala ikusita».
Euskal Herriko Salvamento Maritimo Humanitario taldeari irabaziak ematearen ideia ere azaldu du Zabaletak: «Talde honi ahal diogun laguntza guztia eskaini nahi diogu. Otsailean Legazpira ekarri genituen hitzaldi bat ematera, bertan Greziako Chiosen egiten ari diren lana eta burutzen ari diren proiektuak azaldu zizkiguten». Zabaletak dioenez hitzaldi hartan entzundakoa «oso gogorra» izan zen: «Errefuxiatuek bizi duten egoera zuzenean kontatu ziguten. Gure aldetik, ahal dugun neurrian, elkarte honi laguntzeko konpromisoa hartu genuen eta garagardo azokan elkartasunari tartea egin nahi diogu».
Zabaletak ez du Legazpiko Udalaren laguntza aipatu gabe utzi nahi, «ekintza hau gauzatzeko eman dizkiguten erraztasunengatik». Pasaiako Antxober Fest-eko kideek utzi dieten materialagatik ere eskerrak eman ditu.