Oscar Quintanillak eta Marina Borrajok ametsa bete zuten orain 10 urte, Lakiola landa kanpina martxan jarri zutenean. Legazpiko talaia batean hartuko dituzte bisitariak uztailaren 1etik
Oscar Quintanilla eta Marina Borrajo, Lakiola kanpinaren sarreran. // Argazkia: M. Luki
Legazpiko Lakiolara bidea ederra da zinez. Basoan barrena, bidean gora sumatzen da jada talaia bat amaieran. Talaia horretan, Aizkorri ezkerrean eta Korosti aurrez aurre, kokatu zuten orain hamar urte Lakiola kanpina. Oscar Quintanillaren eta Marina Borrajoren ametsa da kanpina. Urteetan kanpin batetik bestera bidaiatu ondoren, bisitariak hartzeko eta horrenbeste maitatu duten mundu hori eskaintzeko sortu zuten kanpina. Orain, udako sasoi betearen atarian, kanpinaren ateak irekitzeko tenorean daude.
Legazpin bizi dira biak aspaldi. Borrajok Galizian du jatorria eta Quintanillak Gaztelan. Lazkaoko San Inazio auzoan hazi ziren biak eta han ezagutu zuten elkar. Legazpira lan kontuengatik iritsi ziren. Quintanillak Bellotan lan egiteko aukera izan zuen eta Borrajok, erizaina bera, tokialdaketa eskatu zuen. Badajozetik iritsi ziren Legazpira eta bertan atera dute bizimodua.
«Naturari lotuta bizi nahi izan dugu beti, hortik kanpinekiko zaletasuna», dio Quintanillak. Gordeta daukate erosi zuten lehen kanpin-denda, holandarra da, oso arina, mendi goiak jotzeko prestatutakoa: «Ez dugu inoiz mendi gailurretara egin, baina arina zelako erosi genuen». Gerora etorri dira karabana, autokarabana eta furgoneta.
Lehenengo lur-eremu baten bila hasi ziren. Baserria erosi zuten lur sailarekin batera, «hain zuzen, hegoaldera begira da-goen lur saila», Quintanillak azpimarra egin dio hegoaldearen detaileari. Hasiera batean karabana jartzeko tokiaren bila zebiltzan, baina Lasturren bizi den holandar batek landa kanpinen berri eman zien.
Landa kanpina
Landa kanpin baten ezaugarriak zeintzuk diren azaldu du Quintanillak: «Halabeharrez nekazari ustiapen bati lotuta egon behar da eta gehienez jota hogei lagun har ditzake». Ezaugarri horiekin kanpinaren bideragarritasuna ez da erraza, klimak ere ez du laguntzen. Edonola ere, ametsa bete izanaren pozak aurrea hartzen die zailtasunei.
Borrajok dioenez, «bisitariak atseden hartzera etortzen dira, gure lana tokia garbi topatu dezatela eta arreta ona eskaintzea da». Kanpinean komunak, egongela bat hozkailu eta arraskarekin eta kanpoan sukaldea daude; bungalow bat eta bi karabana ere bai.
Azken bi urteetan igo egin da bisitari emaria, «aurkitzen gaituzte», dio Quintanillak. Egongelan munduko mapa bat daukate non kolorezko txintxetekin izan dituzten bisitarien jatorriak adierazi dituzten. Txintxetek betetzen dute mapa. Batik bat, europarrak iristen dira. Txirrindulari taldeak aipatu dituzte bereziki, «furgoneta bat iristen da lehenengo eta txirrindulariak iristerako otordua prest dute», dio Borrajok. Motorzaleak ere aipatu dituzte, baita euren sustraien bila Euskal Herrira datozen latinoamerikarrak ere. Mundu osoa kasik, Lakiolan.