Agintaldiaren erdian legealdi planean jasotako proiektuen %53 bete dituzte. Proiektu ezberdinetan 450.000 euro aurreztu dituzte eta diru laguntzetan 823.000 euro lortu dituzte
Agintaldiaren erdira iritsi denean, orain arte egindako lanaren balorazioa egin du udal gobernuak. «Lehen egunetik herritarren behar eta eskariei erantzutea izan da gobernuaren helburu nagusia, pertsonen ongizatea, enplegu sustapena, herri erosoagoa, atseginagoa eta herritarrei egokitutakoa eraikitzea eta Beasain gure kulturaren sustatzaile izatea ardatz estrategiko hartuta». Helburu horiek lortzeko bidean, «pozik» daude lehen bi urte hauetan egindako lanarekin, «gure programan jasotako hainbat eta hainbat proiektu martxan jartzea lortu dugulako».
Udalaren egitura berria sortu dute, «egunerokotasunean eraginkorragoak» izateko; «gardentasunaren aldeko urrats handia ere izan da, inoiz baino informazio gehiago partekatzen ari garelako». Horrekin batera, Aitor Aldasoro alkatearen esanetan, «udal lege berriak emandako eskumenak aprobetxatuz, oposizioari ere ordezkaria lanaldi osoz udalean lanean izateko aukera ere eskaini zaio».
Aurreztutako dirua
Bi urte hauetan hainbat proiekturi egindako «jarraipen zorrotzaren eta egokitzapenen ondorioz, 450.000 euro inguru aurreztea» lortu dutela diote: Baratze publikoen kasuan egindako proiektu aldaketarekin, Ezkiagako bi igogailuekin eta Astigarreta auzoko ur biltegiaren proiektu aldaketarekin. Diru laguntzei dagokienean, «egindako kudeaketari esker hainbat diru laguntza eskuratu ditu udalak, 823.344 euro hain zuzen ere».
Proiektuen %53a martxan
Goiz Alzheimer proiektua martxan da jada.
Bestetik, legealdi planean jasotako proiektuen erdia baino gehiago %53a eginda edo martxan daudela jakinarazi dute. Enpleguari dagokionean, enplegu plana eta Ikolan-Lanaldirekin hitzartutako langabetuentzako ikastaroak nabarmendu ditu udal gobernuak: «Dagoeneko 62 pertsonek izena eman dute eta 23k jaso dute formakuntza». Goiekiren bidez hainbat gai zehatzen inguruko formakuntza ikastaroak ere antolatu dituzte, eta ekintzaile berrientzako zerbitzu enpresa gunea, Anezka, martxan jarri dute. Lehen sektorearekin lotuta, berriz, larunbatetan garaian garaiko produktuen azoka berezia antolatzen hasi dira, «tokiko produktu eta ekoizleak balioan jartzeko».
Era berean, pertsonen ongizatea «bermatu eta sustatzeko» hainbat proiektu ere jarri ditu martxan udal gobernuak: Agipase, Goiz Alzheimer, kirol kontsultategia Antzizar kiroldegian, Beasain Lagunkoia,
Ondo ibili, ondo izan jarduera, Arangoitiko psikogeriatriako plaza berriak, jolas parkeen egokitzapena, kirola praktikatzeko makina berriak Barandiaran parkean eta kalistenia eremua.
Kultura eta kirola
Kulturaren arloan, «Beasain gure kulturaren sustatzaile eta nortasunaren adierazle izan dadin», hizkuntza errefortzu zerbitzuak, Olaran birgaitzeko prozesua, Igartza Musika zikloa, Igartza Musika beka, dantzan.eus elkartearekin hitzarmena daude besteak beste.
Kirolean, berriz, Beasain Kirol Sariak sortzea eta Loinatz futbol zelaian belar artifiziala jartzea daude.
Azkenik, udal gobernu tal-deak azpimarratu duenez, «adostasunean, gardentasunean, elkarlanean eta kudeaketa onean oinarritutako lan egiteko moduari helduz, herritarrekin hartutako konpromisoak betetzearen alde gogor» lan egiten jarraituko du, «herritar guztiei aukera berriak eskaintzeko eta etorkizuna herritarrekin elkarlanena eraikitzen jarraitzeko».