Soziolinguistika Klusterrak euskararen erabilpenaren kale neurketak egin ditu Ordizian eta datuek hobera egin dutela adierazi dute. 2011tik hona %5 igo da euskararen kale erabilera
Soziolinguistika Klusterrak 2017ko martxoan zehar hainbat egunetan euskararen erabilera datuak jaso zituen Ordiziako kaleetan zehar eta egindako ikerketaren arabera, euskararen erabilerak «gora» egin du herrian. Dena den, ordiziarren hizkuntza-gaitasunak goranzko joera izan du 2001. urtera arte, baina 2001etik aurrera joera aldatu egin da. Astelehenean Barrena kultur etxean egindako aurkezpen bileran, lan horrek eman dituen emaitzak aurkeztu zituzten Soziolinguistika Klusterreko kideek.
Kalean entzundako hamar elkarrizketetatik lau izan dira euskaraz (%43,7), eta beste bost gaztelaniaz (%51,5). Beste hizkuntza batzuen erabilera, berriz, %4,9koa izan da. Nabarmentzekoa da euskara edo gaztelania ez diren beste hizkuntzek Ordiziako kaleetan hartzen duten pisua, ohi baino datu altuagoa baita. 2011-2017 epealdian bost puntu igo da euskararen kale erabilera: %38,6tik %43,7ra.
Bildutako datuen arabera, haurrak (2-14 urte bitartekoak) dira euskara gehien erabiltzen dutenak (%70,3). Jarraian, gazteak (15-24 urte bitartekoak) izan dira euskara gehien erabiltzen dutenak (%46,4). Helduek (25-64 urte bitartekoak) %33,3an erabiltzen dute euskara. Azkenik, adinekoak (64 urtetik gorakoak) dira euskaraz gutxien hitzegiten dutenak (%18,2), ikerketaren datuek adierazten dutenaren arabera.
Haurrak bakarrik nagusirik gabe daudenean, %76,8 da euskarazko erabilera. Nagusiek, euren artean, haurrik ez dagoe-nean %26,7an darabilte euskara. Haurrek eta helduek osa- tutako taldeetan, berriz, %60,9ra igotzen da erabilera. Haurrez eta nagusiez osatutako taldeetan, berriz, haurra hitz egiten ari bada erabilera altuagoa da (%70,2) nagusia hitz egiten ari denean baino (%49,6).
Metodologia
Kale-neurketa horietan erabiltzen den teknika behaketa zuzena da; hau da, ezertxo ere galdetu gabe, neurtzaileek herriko kaleetan zehar topatzen duten jendeak darabilen hizkuntza jasotzen da. Hori dela eta, neurketetan aritu direnek ordiziarrek hitz egitean duten joera naturala jaso dute. 1.929 elkarrizketa behatu dituzte eta 5.526 lagun izan dira guztira elkarrizketa horietako solaskide.
Azken urteotan Ordizian euskararen erabilerak izan duen bilakaera neurtu da, beste hizkuntzen presentzia zein den, sexuen arabera euskara zenbat hitz egiten den, adin-tarte desberdinetan (haur, gazte, heldu eta adineko) zenbat hitz egiten den edota Ordiziako zonalde bakoitzean euskaraz zenbat hitz egiten den, besteak beste.
Euskarazko hizkuntza gaitasuna Euskararen kale erabilera