Legazpiko nagusien eskaera zerrenda
Gipuzkaoko Foru Aldundiari eskaerak egin dizkio Buztintegi elkarteak. Urretxu eta Brinkola lotuko dituen bidegorria eta eguneko zentroan plaza berriak eskaintzea eskatu dute, besteak beste.Aldundiko Parte hartze zuzendari Joseba Muxikak bilera egin zue...
Gipuzkaoko Foru Aldundiari eskaerak egin dizkio Buztintegi elkarteak. Urretxu eta Brinkola lotuko dituen bidegorria eta eguneko zentroan plaza berriak eskaintzea eskatu dute, besteak beste.
Aldundiko Parte hartze zuzendari Joseba Muxikak bilera egin zuen Legazpiko Buztintegi jubilatuen elkarteko ordezkariekin eta haiek egindako eskaera sorta jaso zuen. Prozesua datorren urteko aurrekontuen diseinurako ekarpenak jasotzeko abiatu du aldundiak eta herriz herri ari da ekarpenak jasotzen. Legazpin eskaera zehatzak egin zizkioten zuzendariari, hala jubilatuek nola Euskal Herria plazako karpan geratu zirenek.Jubilatuek bidegorria Brinkolaraino iristeko eskaera egin zioten eta Txorroenea zein Motxorroko bidegurutzeak hobetzeko eskatu ere, bertako segurtasuna hobetu daitekeela iritzita.
Buztintegikoek Renferekin bitartekaritza lanak egiteko eskaera egin zioten Muxikari, Renfek Brinkolako geralekuko lanak bizkortu ditzan.
Jubilatuak eurek egunero-koan erabiltzen dituzten azpiegituren hobekuntzei buruz ere aritu ziren eta gizarte zentroko klimatizazio sistema hobetzea eskatu zuten, baita eguneko zentroan plaza gehiago eskaintzea ere. Zumarragako Ospitaleko aparkalekuaren prezioaz hitz egin zuten, espaloien irisgarritasuna hobetzearen beharraz eta eraikinetan igogailuak jartzeko diru laguntzak hauspotzea ere eskatu zioten.
Boluntarioen lana
Eskaera zerrenda luzeagoa da. Administrazioarekin harremanak errazteko bideak jartzea eta elkarteen kudeaketarako izapideak arintzea eskatu zioten. Boluntarioen lanari bultzada emateko eskaera egin zioten eta haien lana aintzat hartzea.
Legazpiarrek aldundiak plazan jarritako karparen bidez bestelako ekarpenak ere egin zituzten: gehiago birziklatzeko aukera izatea, baserritarrei laguntza gehiago ematea, autonomoak aintzat hartzea… Edonola ere, hilaren 30era arte legazpiarrek datorren urteko aurrekontuetarako proposamenak helarazi ahal dituzte. Etxez etxe banatu den esku orria bete eta Legazpiko udaletxeko erregistroan utzi dezakete; Internet bidez ere egin daitezke.
Muxikak, Buztintegikoekin elkartu ondoren, bilera «oso aberasgarria» izan zela esan zuen eta han entzundakoak «kontuan hartuko» dituztela agindu zuen. Aurrez aurreko saio hauek herrietako errealitateen gaineko ezagutza faltari aurre egiteko «oso baliagarriak» direla gehitu zuen.