Osinaldek (Legazpi, 1971) Espainiako txapeldun titulua eskuratu du beteranoen mailan Asturiasko Travesera Ultra trailean. Asteburu honetan Madrileko Peña Larako lasterketan parte hartuko du.Ez da makala Traveseran lortu duzun titulua.Iaz lasterketa be...
Aitziber Osinaldek (Legazpi, 1971) Espainiako txapeldun titulua eskuratu du beteranoen mailan Asturiasko Travesera Ultra trailean. Asteburu honetan Madrileko Peña Larako lasterketan parte hartuko du.
Ez da makala Traveseran lortu duzun titulua.
Iaz lasterketa bera egin nuen eta gaizki pasa nuen, hustuta geratu nintzen bidean. Hamabost egun lehenago beste lasterketa bat eginda joan nintzen eta nire gorputza baxu iritsi zela esango nuke. Edozein modutan, Traveserako lasterketak hartzen zituen inguruak asko gustatu zitzaizkidan eta aurten itzuli egin naiz.
Kasualitatez, Traveserakoa Espainiako txapelketarako puntuagarria zen eta beteranoetan irabazi nuen.
Nolatan hasi zinen mendian korrika egiten?
Duela lau urte hasi nintzen. Betidanik gustatu izan zait mendian ibiltzea, txiki-txikitatik. Aitzitik, orain lau urtera arte ez nuen sekula mendian korrikarik egin. Senide batzuk mendi lasterketa baterako prestatzeko gonbitea egin zidaten. Animatu nintzen Goierriko Bi Handiak egitera eta giroa asko gustatu zitzaidan, baita jendea ere. Hortaz, jarraitu egin nuen.
Lasterketa luzeak egiten dituzu gehienbat.
Bai. Hamabost ordu inguruko korrikaldiak egiten ditugu. Maratoi batek baino kilometro gehiago dituzte ultra trail moduko lasterketek [42tik gora] eta desnibelak ere bai.
Behin korrika hasita ez zara kontziente. Mendia gustuko dut oso eta korrika hasten naizenean helburua nahiz erronka bukatzea da. Gehienetan gorabeherak lasterketaren erdian izaten dira.
Zein motatako gorabeherak?
Beti sortzen da arazoren bat eta hurrengo lasterketan arazo hori nola gainditu dezakezun asmatzea ere erronka da. Arazoak hankatan, oinetan eta sabelean ere gerta daitezke. Niri, esaterako, zaila egiten zait jatea eta derrigor jan behar da. Horrenbestez, ez nabil soilik korrika egiten ikasten, jaten ikasten ari naiz, edaten ere bai… Dena ikasten.
Zerk harrapatu zaitu?
Mendiak. Nire helburua da minik ez hartzea lasterkari gisa etapa hau bukatzen dudanean mendira joaten segitu ahal izateko.
Zer nolakoak dira zure denboraldiak?
Urte osoan aritzen naiz, baina uztailean geratu eta irailean-edo hasten naiz berriro entrenatzen.
Lasterketarik asteburuan?
Madrilera noa Peña Lara mendiko lasterketaren ibilbidea egitea. Entrenamendu gisa hartzeko asmoa daukat.
Nolakoa da zure egutegia?
Saiatzen naiz lasterketen artean bizpahiru asteko atsedenaldia egiten. Lasterketa politak direla esaten badidate, buruan gorde eta joaten saiatzen naiz.
Eta entrenamenduak?
Entrenamendu onena atseden hartzen jakitea dela diote adituek, niretzat hori da zailena. Zure elastikoan erretinosi pigmentario gaixotasunaren izena daramazu. Zergatik ?
Lagun batek gaixotasun hori dauka eta horren berri zabaltzea eskatu zidan, taldeko kideekin hitz egin nuen eta guztiok daramagu. Animatuko nituzke kirolariak, oro har, halakoak egitera, batik bat, erakusteko pertsona guztiek ezin dutela guk beste gozatu.
Aurten Goierriko Bi Handiak egingo dituzu?
Bai, egiteko asmoa daukat.