Txosna batzordeko Talde moreak antolatutako ekimena da. Hilaren 26tik 30era tailerrak eta hitzaldiak egingo dituzte egunero. Gaur itxiko dute izena emateko epea
Ordiziako Txosna batzordeko Talde moreak Ordiziako lehenengo Jardunaldi Feministak antolatu ditu. Datorren astelehenean hasiko dira eta aste guztirako ekintzak antolatu dituzte. Hilaren 26tik 30era, tailerrak eta hitzaldi desberdinak izango dira. Guztietan hainbat gairen inguruan eztabaidatzeko eta ikasteko aukera eskainiko da. Herri mailan, Txosna batzordetik kanpo, talde feminista bat sortzea ere jarriko dute mahai gainean.
Ordiziako Talde morea joan den urteko Santa Ana festetara begira sortu zen, festetan ikuspegi feministak ere bere garrantzia izateko eta espazio propio bat izateko asmoarekin. Aurten pauso bat gehiago eman dute eta aste bateko jardunaldiak antolatu dituzte.
Ikastaroen eskaintza
Datorren astelehenean, hilak 26. hilerokoaren inguruko tailerra antolatu dute. Saioaren amaieran, telazko konpresen diseinuaren inguruan arituko dira. D’elikatuz zentroan izango da tailerra. Tailerrean parte hartu nahi duenak bost euro ordaindu beharko ditu, prezio horren barruan sarrera eta materialak sartzen dira. Ikasle eta langabetuentzako bi euro izango dira.
Asteartean, hilak 27, Emaginek antolatuta, maskulinitate eta maitasun erromantikoaren tailerrak emango dituzte. Barrena kultur etxeko areto nagusian eta bertso eskolan izango dira 17:00etatik 20:00etara.
Asteazkenean, hilak 28, amatasunaren mitoen tailerra emango dute, Zuhaizti zentro sozialeko erabilera anitzeko gelan, 16:00etatik 17:30era. 19:00etan bertsopote morea antolatu dute Ordiziako kaleetan.
Hilaren 29an, ostegunean,
Zergatik talde feminista bat herrian? hitzaldia izango da eta herri mugimenduarentzat eraso sexisten aurkako protokoloaren inguruan ere arituko dira. Hitzordua 18:00etan izango da Barrena kultur etxeko areto nagusian.
Azkenik, hilaren 30erako, hurrengo ostiralerako, Zumarragako Egun morea ospatzera joateko deia egiten dute.
Izen-ematea
Tailerren batean parte hartzeko aldez aurretik izena ematea komeni da
ordiziakotxoznamorea@gmail.com epostara idatzita. Nahi duenak haurtzaindegi zerbitzua ere erabilgarri izango du tailerrak irauten duen bitarten. Parte hartu nahi duenak gaur izango du izena emateko azken eguna.