Mankomunitateak «soluzio egokiena» aurkeztu du azken batzarrean; Landarlan taldeak gaitzetsi egin du. Oiduegiko txabola berreraikitzeko ardura bere gain hartu du elkargoak
Enirio-Aralarko Mankomunitateak asteazkeneko zuzendaritza batzarrean onetsi zuen Enirio-Doniturrieta pista nondik eraiki. Igaratzako txaboletaraino Goierri aldetik izango da sarbidea, eta ganaduzale eta artzainei Nafarroatik ibiltzea saihestuko die.
Aralarko pista eraikitze egitasmoko bigarren obra izango da Enirio-Igaratza. Iaz Goroskintxu txabolara ireki zuten. «Irizpide teknikoak eta ingurumen irizpideak jarraituta aztertu diren aukeretan, Igaratzako txaboletara ibilbiderik egokiena» hautatu du Mankomunitateak. «Teknikoki bideragarriak ziren» hiru ibilbide zeuzkaten mahai gainean, horietako bi ingurumen aldetik «nabarmen egokiagoak». Orain, tramitazioarekin aurrera segi, eta aldundiaren Mendi Zuzendaritzari dagokion hurrengo pausoa ematea, eta Ingurumen Sailari txostena egitea.
Igaratzako bost txabolari emango die sarbidea. «Nafarroatik joan behar da gaur egun, 70 kilometro eta ordu eta erdiko iraupena duen ibilbide batetik. Gure helburua, Aralarko natura ondarearen kontserbazioan giltzarri den ganaduzaleen sektorearen presentzia bermatzea bada, ganaduzaleek lana duintasunez egiten jarrai dezaten sarbideak egokitzea beharrezkoa da», dio Mankomunitatearen lehendakari Jose Miguel Santamariak.
Horrez gain, Oiduegiko mendizale txabola berreraikitzeko ardura Mankomunitatearena dela zehaztu zuten batzarrean, eta 15.000 euro bideratu ditu. Zaldibiako Gailurrerantz elkarteak, hala ere, ez ditu hartuko, eta auzolanean ari dira lanean. Proiektua idatzita dago, obra zuzendaritza esleituta, eta auzolanean ari diren zaldibiarrentzako asegurua egin du erakundeak.
Aurrerago, txabolaren kudeaketa izendatzeko kontzesioa ematea ere Mankomunitatearen ardura dela gogoratu zuten batzarrean.
Landarlan, pistaren aurka
Bilera bukaeran eman zuen iritzia Landarlan taldeak. Igaratzako txabolek bidea orain ere badutela oroitarazi dute. Ingurumen inpaktu azterketaren «interpretazio interesatua» egin dela salatu du, eta pista irekitzeko 183 zuhaitz bota beharko direla: 160 elorri, 17 gorosti eta sei hagin, azken biak mehatxatuak.
Bestetik, pistetatik kanpo ibilgailuak belardietan dabiltzala salatu du. Abeltzain batek batzarrean jaulkitako «mehatxu zuzena» ere gaitzetsi du: «Aralarren edonor argazkiak eta bideoak ateratzen ikusiz gero, haren gainetik pasatuko zela esan zuen, kartzelan bukatu behar badu ere. Lehendakariak ez zion ohartarazpenik egin herritar horri».
Interes pribatuak dituzten udal ordezkarien boto eskubidea aztertuko dela ere esan da.