Ezkio-Itsasoko eskola, zabaltzen
Ume kopuruak gora egin duela ikusita, eskolak udaletxe zaharraren eraikineko bigarren solairua ere hartuko du. Kirol pista eta jolas leku berriak inauguratu dituzteDuela hiru urte udaletxe zaharraren tokian jarri dutenetik, etengabe hazten ari da Ezkio...
Ume kopuruak gora egin duela ikusita, eskolak udaletxe zaharraren eraikineko bigarren solairua ere hartuko du. Kirol pista eta jolas leku berriak inauguratu dituzte
Duela hiru urte udaletxe zaharraren tokian jarri dutenetik, etengabe hazten ari da Ezkioko herri eskola, bai ume kopuru aldetik eta baita azpiegitura aldetik ere. Eraikinaren lehen solairua ez ezik, bigarrena ere ikasgelentzat hartuko dute datorren ikasturteari begira. Eta horrekin batera, kirol pista eta jolas leku berriak ditu eskolak. Larunba-tean egin zuten azpiegitura berri horiek inauguratzeko ekitaldi ofiziala, udaleko, aldundiko eta jaurlaritzako ordezkariak bertan zirela. Herritarrek ere, instalazioak bertatik bertara ezagutzeko aukera izan zuten.Joseba Etxezarreta Ezkioko alkateak azpiegitura horiek egiteko 350.000 euroko aurrekontua erabili dutela azaldu zuen. Horietatik zati handi bat, 205.000 euro, Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzen bitartez finantziatu dute. Hori dela eta, eskerrak eman nahi izan zizkien bi erakundeetako ordezkariei, «denen artean» lortu dutelako «herriarentzat horrelako azpiegitura bat izatea, bai eskola, bai kirol pista eta baita jolas parkea ere». Itsasoko Udalaren izenean joandako ordezkariei ere harrera egin eta eskerrak eman zizkien, orain bi herriak banatuta dauden arren, bien artean bultzatutako egitasmoa baita eskolarena.
Bere aldetik, Iñaki Mendiguren kultur arloko zinegotziak «lurralde orekaren garrantzia» aipatu zuen, eta «landa garapena eta herri txikien biziraupena» ziurtatu behar direla. Horrekin batera, herri txikiak erakargarri egiteko « gutxieneko zerbitzu eta azpiegitura batzuk» bermatu behar direla gogoratu zuen. Eskola «zorionez goraka» doala aipatu zuen, gero eta ume gehiago daudelako batetik, baina baita zabaltzen ari delako ere.