Logoa aurkeztu du Ezkioko kirol talde berriak. Oier Fernandez gazte zumarragarrak ondu du. Santa Lutzi saria junior mailako 100 bat txirrindularik jokatuko dute San Pedro jaien bueltan
Ezkion Martxan kirol taldeak antolatu du etziko XVI. Santa Lutzi txirrindu saria. Taldearen lehenengo jarduera izango da orain gutxi osatu baitute. Probaren aurkezpena eta taldearen logoarena ere egin berri dituzte Ezkioko Argindegi ostatuan.
Logoa aurkeztu zuten lehenengo eta behin. Ezkion Martxan taldeko Aritz Egeak hitza hartu eta logoa aukeratzeko egin duten lehiaketako irabazleari eskerrak eman zizkion. Oier Fernandez Zumarragako gazteak egin du logoa. Egeak lehiaketara bospasei lagunek 20 bat lan aurkeztu dituztela esan zuen eta Fernandezek logoaren sormen prozesua azaldu zuen: «
On hitzari garrantzia eman nahi nion ingelesezko bere adiera piztu, aktibatu baita. Mendia eta txirrindua uztartzea zailena izan zen eta horregatik urratsak nahiz sakonean dagoen marra berdea, mendien desnibela marraztu ditut elkarrekin».
Santa Lutzi Saria
Jesus Mari Etxeberriak hartu zuen hitza etziko txirrindu proba aurkezteko. Junior mailako txirrindulari probari eutsi nahi ziotela esan zuen, «profesionalekin baino, adin tarte horretako gazteen lasterketa bat egitea hobetsi dugu». 100 bat txirrindularik parte hartuko dute, 17-18 urte bitartekoak. 82 kilometro inguru beteko dituzte eta Atagoiti, Gabiria zein Eitzaga igoko dituzte, «Gabiriako aldapan ikusi ohi da nork irabaziko duen lasterketa».
Ezkion Martxan taldeak mendi lasterketak eta txirrindu probak uztartuko ditu, baina kirol guztiak lantzeko prest daude. Azaro bueltan mendi lasterketa labur bat antolatzekoak dira, Egearen esanetan, «neskak parte hartzera animatzeko». Taldean hamar bat lagun daude.
San Pedro jaiak ospatuko dituzte Ezkion, gaurtik etzira
Txupina San Joan egunean bota zuten, eta baita herri afaria egin ere Santa Lutziko plazan jarritako karpan. Jaiei segida gaurtik larunbatera arte emango diete ezkiotarrek.
Gaur da San Pedro zaindariaren eguna eta meza nagusia egin ondoren, Gabiriako Goruntz dantza taldeak saioa eskainiko du, 12:00etan. Luntxa izango da jarraian, eta arratsaldean, umeentzako jolasak (17:30), txokolatada eta pintxo-potea. Bihar, 17:00etatik aurrera jarraituko dute ospakizunek; altxorraren bila jolasa, patata tortilla lehiaketa eta dastaketa, mus txapelketa eta Trikimailu taldearekin erromeria gauean. Etzi, futbolin txapelketa izango dute eguerdian, eta arratsaldean, puzgarriak.