Irma Arnaizi
GUTUNA – Joxe, Irati eta Ekaitz Goikoetxea (Beasain)
Duela bi urte pasatxo jarri genien estreinakoz aurpegia zure izen-deiturei (eta izen- abizenak zure aurpegiari) ate- joka genituen udal hauteskundeen harira etxeko postontzian kukutu zintzaizkigunean. Artean belarritik belarrirako irribarre inprimatu bat baino ez zinen, egunean-egunean gurean eta guregan gorputza eta bizia hartzen joan zarena.
Postontzitik sukalderainoko ateak ez ezik, gure buru-bihotzetakoak ere zabaldu dituzu, parez pare zabaldu ere, gure solasaldi, proiektu eta ametsetan presente eta etorkizun izateraino. Guk, alderdia gabe, alderdiak maite baititugu, zu, Irma, osatu eta edertzen zaituztenak, enpatiaz, aniztasunarekiko begirunez, ekimenez eta kolorez…
Asko dira denbora tarte honetan elkarrekin bizi eta partekatu ditugun guneak eta uneak, asko irakurle taldeko solasaldietan zure ezpainetan indar berezia hartzen zuten guri oharkabean pasatako pasarteak, asko zure babesean goxo eta mimoz bertakotu eta errotzen doazen etorkinak, asko egunerokoa parekideago bizi duten gizon-emakumeak, asko Trans Zikloa bezalako ekimen zoragarriei esker askeagoak eta zoriontsuagoak diren herritarrak.
Asko dira, eta asko gara noiznahi eta nornahirentzat tarteak denbora bihurtu izana eskertu nahi dizugunak, aldi berean horrenbeste (herritar) hartu eta horrenbeste(ri) eman izana.
Eskerrik asko, Irma, herria eta herritarrak edertzen laguntzeagatik, eskerrik asko zure bihotza zabalduz gureak zabaltzeagatik, eskerrik asko gure post-a ontzeagatik. Aurrerantzean ere badakizu buzoitik pasa beharrik gabe non aurkituko gaituzun, prest eta gertu.
Beti mahaitasunez,
–Joxe, Irati eta Ekaitz Goikoetxea (Beasain)