Maizpide euskaltegiak hasi ditu 43. Udako Ikastaroak. Kultura egitarauari bihar ekingo dio, Goierriko bertsolariekin. Gazte Asanbladak eta udalak aire libreko film saioak antolatu dituzte
Ikasturtea, kurtsoak eta askorentzat lanurtea bukatu orduko, Lazkaon kultura loratu da. Uztailean, eta uda guztian, hamaika ekitaldi izango da. Batetik, Maizpide euskaltegian atzo hasi ziren 43. Udako Ikastaroak. Bi asteko iraupeneko ikastaldia egin ahalko dute euskara ikas-leek; uztailean, abuztuan eta irailean bina kurtso izango dira.
Beloki, Araiztegi eta Igartzabal bertsolariak.
Harrera ona izaten dute Udako Ikastaroek, oporren geldialdia baliatzen dutelako langile eta ikasle askok hizkuntza ikasteko. Egun osoan dira klaseak. Ikasleen joan-etorria nabarituko da, hiru hilabeteotan.
Ikastaroei lotuta, ohiko kultura egitarau gehigarria ere antolatu du Maizpidek, Lazkaoko Udalarekin elkarlanean. Aurreneko ekitaldia bihar da, 22:00etan, plazan. Goierriko bertsolari gazteek kantatuko dute: Aitor Irastortza, Ane Beloki, Aratz Igartzabal, Eneko Araiztegi, Itziar Mendia eta Mikel Tapia. Gai jartzen Mikel Ugarte ariko da.
Film emanaldiak kanpoan
Bestetik, Lazkaoko Gazte Asanbladak dokumental emanaldiak antolatu ditu, uztailerako. Asteko bat emango dute, plazako frontoian, 22:00etan hasita. Aurrenekoa gaur da: Gazteak kalean, muntaia polizialik ez. Tolosako gazte mugimenduak jasandako errepresioa islatzen du dokumentalak.
‘Motxilaren umea’ filma eskainiko dute 26an.
Hurrengo asteetan, Neskatoak (uztailak 11), Gure Esku Dagoren Helmugarik garrantzitsuena bidea denean (uztailak 18) eta Motxilaren umea (uztailak 26) dokumentalak emango dituzte, plazako frontoian eta 22:00etan hasita den-denak.
Lazkaoko Udalak ere aire libreko pelikula emankizunak jarriko ditu. Ostiralean bi film ikusi ahalko dira Lazkao Txiki Zelaian. 19:30ean, haurrentzat Surfak zoratuta animaziozko filma botako dute. 22:00etan, berriz, Comancheria. Jeff Bridges, Chris Pine eta Ben Foster dira aktore, eta David Mackenzie zuzendari.
Maizpideren ekitaldiak
· Uztailak 5. Goierriko bertsolarien saioa. Plazan, 22:00etan.
· Uztailak 12. ‘Jainko basatia’ antzerkia. Arerian, 22:00etan.
· Uztailak 19. Hutsun txalaparta taldea. Frontoian, 22:00etan.
· Uztailak 26. Bertsolariekin eta trikitilariekin poteoa. 18:30ean.
· Abuztuak 2. ‘Baga-biga’, Mikel Markez, Eñaut Elorrieta. 22:00.
· Abuztuak 9. Urdangarin eta Zubeldia bertsotan. 21:00etan.
· Abuztuak 16. Gilkitxaro taldea, ‘Adarretatik zintzilik’. 22:00etan.
· Abuztuak 23. Goierriko ipuin kontalariak: Pili Eskisabel, Irati eta Ekaitz Goikoetxea. 22:00etan
· Irailak 6. Peñagarikano eta Irazu bertso-afarian. 21:00etan.
· Irailak 13. Hirmoi Yoshida eta lagunak, ‘Rakugoa, Japoniako ipuinak’. 22:00etan.
· Irailak 20. Koldo Ameztoi ipuin kontalaria. 22:00etan.
· Irailak 27. Starblues musika taldea. 22:00etan.
(Abuztuko eta iraileko ekitaldi guztiak Maizpiden bertan dira)
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.