Lazkaoko kale hori «hiritarrago» bihurtuko du udalak, obrekin. Olaberrira doan errepidea goratuko dute, eta %47 aldundiak finantzatuko du. San Inazioko zubian, habeak kokatu dituzte
Lazkaotik Olaberriranzko irteeran dagoen San Prudentzio kalea berrituko du udalak, 15-23 atarien artean. Areria antzokiaren paretik hasi, eta goraino konponduko du San Prudentzio aldeko espaloia —San Josekoa jada berrituta dago—. Horrekin batera, errepidea bera ere goratuko dute, espaloiaren maila bereraino igotzeko.
Kaleari «izaera urbanoagoa» eman nahi zaio. Oinezkoek «lehentasuna» izan dezaten, autoen abiadura-muga murriztuko dute, oinezkoen ibilbideak egokituko dituzte, eta ibilgailuen nahiz pertsonen arteko «elkarbizitza hobetzeko neurriak» hartuko dira.
Kalearen berrikuntzaren aurrekontua 339.288,22 eurokoa da. Lizitazio prozesua eskaintzak aurkezteko garaian dago, orain. Errepidea Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskumenekoa denez, berrikuntzaren kostuaren parte bat, erdia inguru, hark hartuko du bere gain. Udalak eta aldundiak itun bat adostu dute, eta udalbatzak ekainaren 27an onetsi zuen hitzarmena sinatzea, osoko bilkuran. Hala, foru aldundiak 158.992 euro ordaintzeko konpromisoa du.
Kale osoa maila berean jartzeaz gain, oinarrizko azpiegiturak ere aldatuko ditu udalak, San Prudentzio aldeko espaloian: saneamenduko hoditeria, kale argiak eta instalazio elektrikoak, besteak beste.
San Inazion zubi zabaltzea
Herriko beste hiru gunetan obrek aurrera jarraitzen dute. San Inazioko zubia zabaltzeko lanetan, atzo pauso nabarmen bat egin zuten: Ataun aldeko hegalean lau habe etzan zituzten. Hurrengo lanaldi batean, beste hegalean bi biga eranstea falta da, oraindik.
Aresoko plazatxoan, bestetik, pergola moduko zementuzko zutabedun apaingarria bota dute, dagoeneko.
Bi zerbitzu, esleituta
Lehengo asteko udalbatzarrean, bestetik, kiroldegiko nahiz etxez etxeko laguntza zerbitzuak nork emango dituen ebatzi zen, lehiaketa banaren ondoren. Etxeko zerbitzua Eulen-ek emango du. Hiru enpresa aurkeztu ziren lehiaketara.
Kiroldegiko harrera eta beste hainbat zerbitzu kudeatzeko, berriz, Goierriko Kirol Zerbitzuak enpresa aukeratu du udalak, oraingo bera. Bi enpresa aurkeztu ziren. Bi zerbitzuen kasuan, bi urteko esleipena da, beste bi urterako luzagarria.