Asmuberen iritzia Berdintasun Sailaz
B erdintasun saileko zinegotziaren aurrean, Asmubetik gure esperientzia kontatu nahi dugu. Asko sentitzen dugu, benetan! Baina ez da positiboa izan. Gu ez gara beste kolektibo batzuekin egin duen lana eztabaidatzera sartuko, ez dugu polemikarik sortu n...
Berdintasun saileko zinegotziaren aurrean, Asmubetik gure esperientzia kontatu nahi dugu. Asko sentitzen dugu, benetan! Baina ez da positiboa izan. Gu ez gara beste kolektibo batzuekin egin duen lana eztabaidatzera sartuko, ez dugu polemikarik sortu nahi. Gu ez gara politikoak, emakumeek osatutako boluntario taldea gara, inori ez zaio curriculumik eskatu Asmubeko juntan egoteko, ilusioz egiten dugu.
Asmubek 27 urte daramatza eta 300 bazkide ditu. Guk dakigula, inoiz ez da arazorik egon udaleko inongo sailekin. Alderantziz, beti lagundu eta erraztu digute gure lana. Baina duela denbora batetik, arazoak ditugu. Antolatu dugun ia guztia kritikatu digute Berdintasun sailetik. Berdintasun Foroan erasotu egin gaituzte. Ez zaizkigu egin behar genituen gestioak erraztu. Gutxietsi eta mespretxatu egin gaituzte, behin eta berriz. Beraien irizpideak ezarri nahi izan dizkigute, gureak ez feministatzat hartuta. Esan izan zaigu Asmubek ez duela genero perspektibarik. Jakina baduela! Beti kolaboratu izan du udalarekin. Asmubek urteak daramatza plazan tratu txarren aurkako elkarretaratze isilak egiten pankarta erreibindikatiboekin (orain Berdintasunetik antolatzen da) eta horiek ez ditugu argazkietan ateratzeko egin. Beti antolatu izan ditugu Azaroaren 25a eta Martxoaren 8a, arazorik gabe; azkenaldian, hainbat oztoporekin. Bi data hauetan, iaz arte, Asmubek bakarrik antolatu izan zituen ekitaldi erreibindikatiboak.
Horiek dira, laburtuta, sail horiekin izandako «ezberdintasunak». Guztiok dugu helburu berdina. Zergatik ez elkarrekin lan egin? Uste dugu protagonismoak alde batera utzi eta batu egin behar garela. Asmubek asko duela ikasteko? Zalantzarik gabe, baina erakusteko ere asko du. Elkarteak 27 urte baldin baditu, zerbait ondo egingo zuen ezta? Berdintasunaren gaian, lan asko dago egiteko, batzuek era batera lan egin dezakegu eta beste batzuek beste era batera. Zergatik ez? Denak izango dira egokiak, guztiok emakumeen errespetua eta berdintasuna eskatzen dugulako.
–Mari Paz Sanchez (Asmube elkartea)