Sormenaren udalekuak Itsason
Itsasoko Udalak lehenengo urtez antolatu ditu herrian bertako udalekuak. Gaur amaituko da udalekuen lehen txanpa, datorren astean zalditegian eta hurrengoan kirol ekintzak egingo dira.Itsaso Ezkiotik desanexionatu ostean udalerri berriak lehenengo urte...
Itsasoko Udalak lehenengo urtez antolatu ditu herrian bertako udalekuak. Gaur amaituko da udalekuen lehen txanpa, datorren astean zalditegian eta hurrengoan kirol ekintzak egingo dira.
Itsaso Ezkiotik desanexionatu ostean udalerri berriak lehenengo urtez udalekuak antolatu ditu. Udaleku berezietan ibili dira 5 eta 16 urte bitarteko 21 haur nahiz gaztetxo. Izan ere, Itsaso bertako aktibo artistikoak erabili dituzte udalekuen nondik norakoa prestatzeko: zeramika, musika, diseinua, teknologia berriak… Sormenaren esparru ugari uztartu dituzte.Gaur amaituko da udalekuen lehenengo txanpa. Bi astez aritu dira hari berarekin jarduera ezberdinak josten. Hain zuzen, hari hori hiru elementurekin osatu dute: Euskal Herria, Ameriketako Estatu Batuak eta bidaiak. Izan ere, udalekuetan Itsasora Atlantatik (AEB) etorritako Jenniferrek udalekuetan parte hartu du eta euskal zein estatubatuar kulturen arteko elkar ezagutzari bultzada eman nahi izan diote.
Hiru elementu horiek uztartuta istorio bat landu dute haurrek. Pertsonaiak txotxongilo bihurtu dituzte eta jokoak naiz bestelako ekimenak josi dituzte. Aizpea Lasa udalekuetako antolatzai- leetako batek dioenez, «hori guztia baliatuta haurren sormena piztu nahi izan dugu».
Jennifer estatubatuarrak musika ikasketak ditu eta harekin bi abesti landu dituzte, bata euskaraz eta bestea ingelesez. Bi abestiok landutako istoriora ekarri dituzte gitarra, perkusioa eta ahotsa jorratuta, «gitarra jotzen duten haur ugari egon dela aprobetxatu dugu», dio Lasak. Teknologia berriak ere landu dituzte.
Diafragmaren magia
«Teknologiak ez genituen ahaztu nahi eta argazki kamera batekin sortu daitezkeen irudiekin jolasean ibili gara. Esate baterako, diafragma hamar segundoz irekita izanez gero, linterna batekin lagunduta agertzen den aurpegia erakutsi diegu. Jolasa sinplea zen, baina haurrak txundituta geratu ziren», azaldu du Lasak. Jolas errazak, baina magia ukitua hartzen dutenak egin dituzte, izan ere «asko eta asko ez ditugu ezagutzen».
Lehenengo astean 21 gaztetxo ibili ziren udalekuetan. Bigarrenean Atlantako familia kanpoan izan da eta 16 gaztetxo izan dira. Itsasoko kaskoan, eliza atarian, udaleko lokaletan, eskola zaharrean zein gaztetxoen lokalean ibili dira udalekuetan.
Hurrengo astean udalekuen nondik norakoa aldatuko da eta Itsasoko Ibur zalditegian ibiliko dira haurrak. Ez dira soilik zaldian ibiliko, zaldiari buruzko ezagutza landuko dute. Hain justu, zaldiaren morfologia eta zaintza ere jorratuko dituzte. Azken astean, kirol ekintzak egingo dituzte eta udalekuak aurtengoz amaituko dira.