Eskerrik asko, handiak zarete!
ANALISIA: Jon Aizpuru (Ehunmilak probako parte-hartzailea)
Ehunmilak lasterketa amaitu ondoren, hau izan da gehien egin didaten galdera: Ea nolakoa izan den Javi Dominguezekin lehiatzea, eta ea lasterketan zehar helmugan lehen postuan iristearekin amestu ote nuen. Kanpotik aztertuz gero, lehen bi postuetan lehia estua egon zela irudi lezake, baina aitortzen dizuet, hasiera-hasieratik banekiela Javiren aurka ez nuela zer eginik. Jakitun naiz oso maila altuan dagoen lasterkaria dela, eta gainera, errekorraren bila zetorrela. Beraz, lehen postua gertu izan arren, ezinezkotzat jotzen nuen Beasainera lehen postuan heltzea. Nire helburua, itsutu gabe, Javiri ahalik eta kilometro gehien eustea zen. Banekien horrela atzekoek oso azkar egin beharko zutela korrika gu harrapatzeko. Kilometro dexente ibili nintzen bere atzetik, eta tarteka, berarekin batera. Aurreko urtean Imanol Alesonekin asko ikasteko aukera izan banuen, aurten Javi Dominguezekin beste horrenbeste ikasi dut.
Gauzak horrela, Lizarrusti eta Etzegarate arteko tartea iritsi zen. Benetan diot, niretzat lasterketa guztian dagoen zatirik gogorrenetarikoa (gogorrena? zalantzarik gabe, Mutiloatik Beasainera doana). Tira, Nafarroa eta Gipuzkoa bitarteko mugan hamasei kilometroko lana izaten da eta, denbora guztian, gora eta behera zabiltza. Ez dago atsedenerako unerik eta arretaz joan behar duzu, jasangarria den martxa bat ezarriz.
“Aitortzen dut hasiera-hasieratik banekiela Javiren [Dominguez] aurka ez nuela zer eginik”Behin tarte hau eginda, Etzegaratetik helmugarako bidea. Javik orduerdi pasako abantaila lortu zuen nirekiko eta atzekoekiko ordubeteko abantaila egonkortuta nuen. Beraz, hurrengo pausua Aizkorriko eta Andraitzeko dorreak ahalik eta modu txukunenean igotzea zen. Aurreko urteko esperientziarekin alderatuta, askoz hobeto igo nintzela sentitu nuen. Andraitz igota, aurreko urtean Adur Mendizabali esker ikasitakoa praktikan jarri eta helmugara ahalik eta azkarren iristen saiatu nintzen. Beasaingo kaleetan bizitakoa izugarria izan zen, kaleetatik, kotxeetatik, balkoietatik jendea txaloka eta animatuz. Orduan jabetu nintzen, zuetako askok lasterketa arretaz jarraitu zenutela. Lasterketan zehar sentitutakoa zuei helaraztea niretzat sekulakoa da! Aukera hau aprobetxatu nahiko nuke eskerrak emateko lasterketa ikustera etorri zineten guztioi. Onartzen dut lasterketan zehar kasu handirik ez dizuedala egiten, baina egon zaitezte ziur zuen aurpegiak eta animoak gorde ditudala nire bihotzean. Azkenik, Ehunmilak lasterketa egi bihurtzen laguntzen duzuen guztioi (antolatzaile, laguntzaile, babesle eta boluntarioei) eskerrak eman nahi nizkizueke. Handiak zarete!!!