Oposizioa «Ordizia eta ordiziarren etorkizuna baldintzatzen» ari dela salatu du udal gobernuak. Interes politikoak, herritarren interesen aurretik jartzea leporatzen diete EAJk eta PSE-EEk
Ekainaren 29an Ordizian egindako udalbatzan 2017ko aurrekontuari dagokion inbertsioen atala landu zuten eta udalbatzak hainbat erabaki hartu zituen. Udal gobernua, ordea, haserre agertu da, oposizioa «Ordizia eta ordiziarren etorkizuna baldintzatzen» ari dela adieraziz. Udal gobernuak udalbatzari egindako proposamenen artean, bakarrak egin zuen aurrera; San Bartolome auzoa hobetzekoa hain zuzen, horregatik, azken osoko bilkurako «berri on bakarra» hori dela nabarmendu dute.
Udal gobernuarentzat «oso garrantzitsuak» diren beste bi proposamen eraman zituzten udalbatzara: aparkaleku bat egitea eta plan orokorra. Oposizioak ordea (EH Bilduk eta Ordizia Orainek), atzera bota zituzten. Udalbatzan laugarren aldiz aurkeztu zituen udal gobernuak proposamen horiek. Oposizioak lehenengo momentutik adierazi zuen proposamen horiekiko ezadostasuna eta beste behin, ezezko botoa eman zieten.
Horrez gain, oposizioak, aurretik onartuta baina burutu gabe zeuden hainbat proiekturen proposamenak eraman eta aurrera atera ziren, EH Bildu eta Ordizia Orainen botoekin.
Hori guztiagatik, udal gobernuak oposizioak «blokeo jarrera» duela adierazi zuen ostiralean udaletxean egindako agerraldian, eta «herritarrak eta haien beharrak lehenetsi ordez, beren estrategia politikoa lehenesten» dutela nabarmendu zuten, horrela, «ordiziarren etorkizuna baldintzatuz eta Ordiziarentzat aukerak eta denbora galaraziz».
Onartu ez ziren inbertsioak
Udal gobernuak udalbatzari egindako hiru proposamenetatik bi, atzera bota zituen oposizioak. Horietako bat, aparkaleku berri bat egitea zen. Oposizioak «beharrik ikusten ez» duela adierazi zuen eta udal gobernuarentzat, hori «aitzakia» da. Proiektu hori, «%100 dirulaguntzen bidez finantzatzeko aukera galtzea» dakarrela esan zuen Jose Migel Santamaria alkateak. «Bi milioi euroko dirulaguntza hain zuzen», gehitu zuen.
Bestalde, Ordizian garapenerako «aparteko garrantzia» duen Plan Orokorra ere ez zen onartu. Ordiziako hirigintza antolaketa orokorra definitzen duen eta «etorkizunerantz pausoak emateko dokumentu oso garrantzitsua» dela esan zuen Santamariak. Horregatik, 2010 urte bukaeran, horren berrikuntza martxan jarri zuten EAJk, PSE-EEk eta EAk. Aurreko legeldian, «EH Bilduren agindupean, le-gealdi osoan 400.000 euro gastatu baziren ere, planak ez zuen aurrerapausorik eman», hortaz, dirua «alferrik» gastatu zela adierazi zuen Santamariak. Plana aurrera ateratzeko «gai ez» zirela izan nabarmendu zuen, eta «blokeo estrategia batean kokatu» direla salatu zuen, «beren lau urtetako ezintasuna ezkutatu nahian».
Horrez gain, bi urteotan, plan orokorraren aurrerapen dokumentua eginda dutela adierazi zuten. Dena den, oposizioko alderdiek «blokeo jarrerari eusten» diotela salatu zuten. EH Bildu eta Ordizia Orainen helburua «egin beharrekoa atzeratu besterik egiten ez duen proposamen inkoherentea egitea baino ez» dela erantsi zuten; Plan Orokorra egiteko ardura enpresa bati ematea, udaletxean lan egiten duten teknikariek duten «jakituria eta dagoeneko egin duten lana gutxietxiz».
«Aurrekontua onartzeke»
Egoera horretan, udal gobernuak, Ordiziak «aurrekonturik gabe» jarraitzen duela salatu zuen, hau da, «iazko diru kopuruen mugan» jarraitzen dutela alegia eta onartu direnak, «azken lau hilabeteetan udalbatzaz udalbatza proposatutako inbertsioetako batzuk» direla gehitu zuen.
Azkenik, politikan «dena zilegi ez» dela nabarmendu zuen Santamariak. Oposizioak «jarrera arduragabea» duela eta helburu bakarra «udal gobernua kaltetzea» dela gehituz. Bestalde, EAJko eta PSE-EEko ordezkariek «lanean jarraituko» dutela esan zuten, herriarekin duten «konpromisoa betez eta Ordiziaren onurarako izango diren akordioak lortzea bilatuz». Oposizioko alderdiei ondorengo mezua bidali zieten amaitzeko: «Jarrera aldatu» eta herritarren interesak interes politikoen au- rretik jartzen dituztenean, lanerako prest aurkituko dituztela.