Garmendia eta Torres Espainiako txapeldun eta txapeldunorde
Laugarren aldiz, pisu jaurtiketan Espainiako txapeldun izan da Gari Garmendia, 16,36 metroko jaurtiketarekin. Neskek ere txapelketa ona egin dute, Ane Torres txapeldunorde izan daOrdiziako Txindoki atletismo taldeko atletak oso emaitza onekin bueltatu ...
Laugarren aldiz, pisu jaurtiketan Espainiako txapeldun izan da Gari Garmendia, 16,36 metroko jaurtiketarekin. Neskek ere txapelketa ona egin dute, Ane Torres txapeldunorde izan da
Ordiziako Txindoki atletismo taldeko atletak oso emaitza onekin bueltatu dira astebukaeran Granollersen (Katalunia) jokatu den junior mailako pista irekiko Espainiako txapelketatik. Gari Garmendia idiazabaldarra Espainiako txapeldun izendatu zen pisu jaurtiketan eta Ane Torres ordiziarrak bigarren postua eskuratu zuen.Txapelketa bikaina burutu zuen Gari Garmendiak; sei kiloko pisua 16,36 metro jaurtitzea lortu zuen. Txapelketa oso erregularra egin zuen, jaurtiketa guztiak 16 metrotik gorakoak eginik. Bere laugarren Espainiako txapelketa da azken hau; kadete mailan bat, bi jubenil mailan eta junior mailan eskuratutako azkeneko hau, bereak ditu.
Ikasturtea Estatu Batuetan kirol beka batekin igaro ondoren, etxera bueltatu eta «pozik» dago gaztea idiazabaldarra lortutako azken tituluarekin. Udako oporrak pasata, berriro ere Estatu Batuetara bueltatzeko asmoa du Garmendiak, bukatu berri duen ikasturtekoa «oso esperientzia polita» izan baita.
Garmendiarekin batera, Joseba Berasain legorretar gaztea aritu zen. Berasain pista estaliko Espainiako txapeldun izan zen neguan Valentzian jokatutako txapelketan. Ez zen egun ona izan Legorretako mutilarentzat eta bosgarren sailkatu zen, 14.64 metroko jaurtiketarekin.
Txindokiko neskek ere txapelketa polita burutu zuten. Ane Torres ordiziarra Espainiako bigarren sailkatu da, 12,42 metroko jaurtiketarekin. Bere marka asko hobetzea lortu bazuen ere, urrezko domina urrun gelditu zitzaion: 13,75 metro. Bestalde, Leire Garmendia bosgarren gelditu zen (11,30 metro).
Beste batzuk
Txindoki taldeko atleta batzuk txapelketa bikaina egin bazuten ere, joan ziren guztientzat ez zen astebukaera ona izan. Dorleta Armendariz ordiziarrak joan den urtean lau kiloko mailu jaurtiketan Espainiako txapeldun titulua eraman bazuen ere, baliogabeko hiru jaurtiketa egin zituen eta txapelketatik kanpo gelditu zen. Joan den urtean 53,69 metroko jaurtiketa egin zuen eta aurten ere urrezko domina eramateko aukera guztiak zituen berak.
Bestalde, Dorleta Oiarbide ere mailu jaurtiketan aritu zen Armendarizekin batera, eta bosgarren sailkatu zen, 43,71 metroko jaurtiketarekin. Joan den urteko seigarren postua hobetzea lortu du.