Barazki berria iritsi da, eskarola, eta aspaldiko partez, boilurrak; gainerakoan, lehengoetatik mota berriak, kolore, gustu eta forma aldetik, zer ikasia badenaren erakusgarri.
Eguzkirik ez eta giro atsegina, 17 gradu 10:00etan, «joan zen asteko lamara baino hobea aukeran». Uztaileko ohiko martxa bizi izan zen atzo ferian: hemengo eta kanpoko barazkietan eta frutetan oso aukera zabala, jendearen ordutegia nabarmen atzeratuta, haurren oporrekin lotuta askotan. ez ohiko jendea… Izan ere, bada opor aldia edo egun librea Ordiziara joateko aprobetxatzen duenik.
Hemengo produktuetan, barazkietan eskarola nabarmentzekoa. Negu-neguan ondo irauten badu ere, urtero Miren Aiestaranek uda bete-betean ekarri ohi du. «Aurten 15 egun lehenago aldatu nituen, ekainaren lehen astean, eta ikusten den moduan segituan edertu dira, hori bai, ur ugari botata». Eskarola kizkurra 1,30 euroan. Bestetik, lehen luzokerrak aspaldi ekarri zituzten; atzo Montesenekoen postuan luzoker hori borobila ikusi genuen, 2 euroan hiruko sorta. Tomateari dagokionez,
idi bihotza esanez ezaguna dena hasi da ekartzen Juli Aierbe. Formari zor dio izena, gutxi ekoizten da ohiko jack-aren aldean baina ospe handiko tomatea da, oso hazi gutxikoa eta bete-betea.
Frutetan, berriz, hemengo aran mota berri pare bat, aran berdea, Gabiriako Oñatibi Txikikoa, kiloa 2 euroan, eta gorri handia Aramako Goikoetxeberri baserrikoa, kiloa 3 euroan. Kanpokoetan udare klase ezberdinak hasi dira, moretini, dukesa eta erkolini, 2 eta 3 euro artean kiloa, baita kardinale sagarra ere, 2-2,5 euro. Aukera handia dago kanpokoetan: gerezia, uzta pikua, meloia, mertxika, brinoia, paraguaioa… eta, aldiz, azkenekotan albertxikoa.
Mikologian ohikoak diren onddo, zizahori eta gibelurdinez gain, aspaldiko partez boilur edo trufak zeuden Lasaren postuan, kiloa 130 euroan.
Oiangukoak plazan
D’elikatuzek bultzatutako
12 hilabete 12 produktu kanpainaren barnean, uda partean astero sukaldari bat aritu ohi da plazan propio jartzen den sukaldean. Udako barazkiak hartu eta prestatzen dituzte, gero dastatzera emanez. Atzokoan Oiangu baserriko sukaldarien txanda izan zen. Astero etorri ohi dira goi-zean goiz erosketak egitera plazara; atzo bestelako lanik ere izan zuten, arroza udako barazkiekin prantatu baitzuten.
Azoka astelehenean
Herriko festak hurbiltzearekin bat, ohikoa da feria eguna eta ordutegia egokitu behar izatea. Aurten hilaren 24an izango da aste horretako feria, astelehenez, eta ordutegi murritzagoarekin festen hasiera iragartzeko suziria botako delako. Honek saltzaileengan egonezina eta haserre puntua sortzea ere ohikoa da urtea joan urtea etorri, atzoko adierazpenak horren lekuko.