Mercedes Monedero castelloarrak Goierrin eman zituen haurtzaroko eta gaztaroko uda asko. 1971n Legazpiko eta Zumarragako lagun batzuk egin zituen eta haiekin harremanetan jarri nahi du.
Haurtzaroko eta gaztaroko udako oporrak berezienak izaten dira. Gogoangarrienak. Mercedes Monedero castelloarrak 1971n Goierrin igaro zituen oporrak gogoratzen ditu bereziki. Bere aitak hemen lan egiten zuen eta horregatik etorri ziren Goierrira. Legazpi eta Zumarragako lagun batzuk egin zituen eta opor haiek bere bizitzako gogoangarrienak bilakatu ziren. 46 urte ondoren, lagun haiekin elkartu nahi du eta, horretarako, GOIERRIKO HITZArekin jarri da harremanetan.
Monederoren aitak Iberduerorentzat lan egiten zuen eta hamar bat urtetan Euskal Herrian lan egin zuen. Goierrin ere bizi izan zen: Beasainen, Legazpin eta Zumarragan. «Goi tentsioko lineak muntatzen zituen. Beasainen, adibidez, Montero tabernakoak oso lagunak zituen. Gure osaba batek ere aitarekin lan egiten zuen eta Beasainen hil zen», aipatu du.
Mercedes, bere anaia-arrebak eta ama Castellon bizi ziren eta uda aitarekin igarotzen zuten: Beasainen, Legazpin, Donostian eta Bilbon pasa zituzten oporrak, besteak beste.
1971ko uda Legazpin eman zuten. Mercedesek 16 urte zituen orduan. Etxea alokatu zien emakumeak Legazpi eta Zumarragako gazte batzuk aurkeztu zizkion eta uda gogoangarria igaro zuen. «Bolada txarra bizi nuen, maitasuna behar nuen, eta gazte hauek oso ondo hartu ninduten. Primeran pasa nuen. Hurrengo urteko oporrak beste herri batean pasa genituen eta harremana galdu nuen. Argazki gutxi batzuk ditut besterik ez ditut. Oker ez banaiz, Zumarragan atera genituen, Santa Isabel egunean», azaldu du.
Hori guztia dela eta, 1971n egindako lagunen berri izan nahi du. «Ordutik ez naiz beraiekin egon eta gogo bizia dut. Autoa hartu eta Euskal Herrira joateko irrikatan nago. Pentsatze hutsak hunkitu egiten nau. Gainera, Euskal Herrira joaten naizen bakoitzean etxean bezala sentitzen naiz».
Lagun haiekin elkartzeko, GOIERRIKO HITZArekin harremanetan jarri da. «Zuen laguntzarekin, beraiek aurkitzea espero dut. Txaro, Etxe, Txema, Loli, Joaquin, Mari Carmen eta Maria Jesus dira gogoratzen ditudan izenak. Nire telefono zenbakiak 645 95 31 13 eta 964 22 57 79 dira».