Lantegiko ondorioak ikusgai izango dira astelehenetik aurrera Seguran
Errebote, plaza, zuhaiztia eta pilotaleku zaharra berregituratzeko egindako jardunaldian ateratako proposamenak ezagutzeko panelak jarriko dituzte dendetan eta tabernetanApirilaren 17tik 22ra bitartean hainbat jakintzatako 17 gazte elkartu ziren Segura...
Errebote, plaza, zuhaiztia eta pilotaleku zaharra berregituratzeko egindako jardunaldian ateratako proposamenak ezagutzeko panelak jarriko dituzte dendetan eta tabernetan
Apirilaren 17tik 22ra bitartean hainbat jakintzatako 17 gazte elkartu ziren Seguran Workshop edo Lantegian Dunak taldeak koordinatuta, Errebotea, plaza, zuhaiztia eta pilotaleku zaharra berrantolatzeko edo berregituratzeko proposamenak eta proiektuak sortzeko. Herria bera ezagutu, herritarrekin hartu-emanak izan eta adituekin formakuntza saioak jaso ondoren, sei taldeetan banatuta, sei proposamen edo ondorio atera zituzten.Orain, ondorioak jaso eta paneletan jarriko dituzte herritarrek ikus eta azter ditzaten. Aimar Balerdi zinegotziaren esanetan, «pixka bat atzeratu egin gara talde batzuk proposamenak hobetu egin nahi izan dituztelako». Astelehenetik aurrera, eta uztaila bukatu arte, panelak herriko dendetan eta tabernetan jarriko dituzte. Abuztuan, berriz, irailera arte Ardixarran egongo dira erakusgai.
Bideo bat ere egiten ari dira proiektu edo proposamen bakoitzaren azalpen laburrekin. Bideo hori ere Ardixarran ikusteko moduan egongo da, «panelak ulergarriagoak» izan daitezen.
Errebote Batzordea
Irailean berriz elkartuko da Errebote batzordea, batetik, panelen aurrean herritarrek izan dituzten pertzepzioak biltzeko eta aztertzeko, eta bestetik, erabakiak hartzen hasi eta gauzatzen hasteko.