Legazpiko Musika Banda sortu zutela 150 urte bete dira eta ospakizun ugari egin dituzte jada. Egunotan, aitzitik, musikariek ametsa bete dute eta Austrian daude, Mozarten jaioterrian; musika eraman dute hara ere.
Legazpiko Musika Bandako kideak Austrian dira. Salzburgon kalejira egin dute honezkero atzo eta Mozart musikagile handiaren estatuaren azpian Legazpiko ereserkia beste hainbat piezarekin batera jo zuten. Ekintza horiek biak bidaiaren ardatzak ziren eta burutu ahal izateko beharrezko baimen guztiak aurretik eskatuta joan dira bandakoak.
Musika Bandak 150 urte bete ditu aurten eta Jesus Castillejo zuzendariaren hitzetan bidaia hau «historikoa» da. 70 musikarik osatzen dute banda eta horietatik 59 Austrian daude etzira arte, «etorri ez direnak arrazoi indartsuak tarteko ez dira etorri». Izan ere, bandako kideek gogor lan egin dute bidaia hau egin ahal izateko. Txosnak, errifak eta bestelako diru bilketak egin dituzte azken bizpahiru urteetan eta bildutakoarekin bidaiaren %70 finantzatzeko moduan egon dira.
Musika tresnak eramatea ez da erraza izan, baina ezinbestekoa zen han jotzea bidaiaren muina baitzen. Musika tresnen garraioa garestia zen oso eta Castillejok kontatu duenez, Bellota enpresak tresnen garraioa bere gain hartu izanak izugarri lagundu die, «diru laguntza bat emateko prest zeuden eta guk dirua baino tresnak eramaten laguntzea eskatu genien». Musikariak hegazkinez eta tresnak kamioiez iritsi dira Austriara.
Mozarten magalera Legazpi eraman ondoren, musikari lotutako turismoak ardaztuko du bidaiaren beste atala.
BIDEOA: Legazpiko ereserkia jotzen, Salzburgon:
BIDEOA: Legazpiko Bandakoak, Mozarten etxe aurrean jotzen:
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.