Aranzadik azterketa integrala egingo du eta pozik daude Aralar Bizirikeko kideak. Aranzadik bere lana bukatu arte pista proiektua etetea eskatu dute berriro.
Aralar Bizirik plataformak deituta, joan den martxoan pisten aurka egindako irteera.
Enirio-Aralar Mankomunitateak batzarra egin zuen hilaren 3an, EH Bilduko zazpi udalerrik egindako eskaria eztabaidatzeko; Aranzadiri Aralarko azterketa integrala eskatzeko, hain zuzen. Batzar hartan, mankomunitateko buru den Jose Migel Santamariak kontrako mozioa ere aurkeztu behar zuen, azterketarik ez egiteko eskatuz, alegia. Baina bai EH Bilduk eta bai Santamariak erretiratu egin zituzten mozioak, «Aranzadi zientzia elkartea azterketa bere kabuz egiten ari» dela argudiatuz. Hori dela eta, Aralar Bizirikeko kideek «gertatutakoa ulertzen ez» dutela jakinarazi dute.
Aralar Bizirikek Aranzadi egiten ari den azterketa «oso positibotzat» jo badu ere, azkeneko batzarrean azterketa horren inguruko «oso informazio gutxi» eman zela salatu du. Horrez gain, «Ordiziako alkate ere baden Santamariak, Ordiziako udalbatzan hartutako erabakiak mankomunitatearen batzarretara eramaten ez» dituela ere salatu dute. Ekainaren 29an, Ordizia Orainek, mankomunitatean zazpi udalerriek aurkeztutako idatziarekiko atxikipena luzatzea eta, Aranzadik bere lana bukatu arte, pista proiektua eta planak bertan behera geratzea eskatu zuen. Mozio hura EH Bildu eta Ordizia Orainen botoekin onartu zen. Baina Santamariak, ez zuen horren berri eman mankomunitatearen batzarrean, «bere udalbatzaren ordezkaritzari muzin eginez».
Horregatik, Aralar Bizirikek, mankomunitateko bost udaletan (Ikaztegieta, Itsasondo, Legorreta, Ordizia eta Zaldibia) aurkeztu eta onartutako mo- zioaren puntuak betetzea eskatu dio berriro ere, hau da, Aranzadi elkarteak bere lana bukatu arte Enirio-Igaratza pistaren trami-teak bertan behera uzteko. Bestetik, Aranzadiren azterketan oinarrituta, mankomunitatearen 2003ko Ekintzen Egitamua berrikusi dezatela ere eskatu dute, eman daitezkeen erabilerak naturaren babesaren menpean jarriz eta onartzeko prozesuan herritarren parte hartzeari eta eztabaidari bide emanez.
Mehatxuak
Aralar Bizirikeko partaide den Landarlan ingurumen elkar-teak jakinarazi duenez, hainbat herritar mankomunitatearen azkeneko batzarrean «ganaduzale bategandik jasotako mehatxuak jasaten ari» dira. Aralar Bizirikek «irmoki» gaitzetsi du jokaera hori, «elkarbizitzaren kontrakoa» dela salatuz. Horregatik, mankomunitateko lehendakariari eskatu dio «lehenbailehen mehatxu horiek adierazpen publiko baten bidez arbuiatzeko».
Pisten higadura handituz
Foru Aldundiko Mendietako Zuzendaritzak bultzatuta eta Ingurumen Zuzendaritzak onartuta, Goroskintxuko pista eraiki zen 2016ko udazkenean. Ingurumen inpaktuaren arabera, pista lurren higadura gutxiagotzeko eraginkorra izango zen. Baina Aralar Bizirikek, «pistaren gaur egungo egoera ikusita, azterketan egidako aurreikuspenak bete ez» direla salatu du.
Horren aurrean, Foru Aldundiko Mendietako Zuzendariak «bere lana ondo ez» duela egin adierazi du. Ez dute ulertzen, hori ikusita, Aralarren pista gehiago egiteko bi milioi euro zuzendu izana.
Hori guztiagatik, Landarlanek pistaren arazoen berri jakinarazi dio ingurumen fiskaltzari.