GOIERRI // Idiazabal Gazta Jatorri Izendapena produktuaren jatorri-arraza genetikoki zehazteko kontrol teknika berri bat erabiltzen ari da. Azti zentro teknologikoak garatu du produktua, eta horren bidez, kontsumitzaileari ziurtatzen diote kontsumitzen...
Latxa arrazako ardia, arkumeak ondoan dituela. // Argazkia: Txakel Urarte
Idiazabal Gazta Jatorri Izendapena produktuaren jatorri-arraza genetikoki zehazteko kontrol teknika berri bat erabiltzen ari da. Azti zentro teknologikoak garatu du produktua, eta horren bidez, kontsumitzaileari ziurtatzen diote kontsumitzen ari den gazta latxa eta karrantzana ardien esne gordina erabiliz egina dela. Bezeroen premiak asetzea da ikerketa horren helburu nagusia.
Idiazabal Gazta Jatorri Izendapenak azaldu duenez, “kontrol eta ziurtatze sistema zorrotzak” erabiltzen dituzte beraien produktuetan. Gaztari jartzen dioten kaseinazko plaka eta serie zenbakia da horietako bat; baina horrez gain, ganadu ustiategietan eta esnea jasotzeko guneetan kontrolak egiten dituzte, “araudiaren agindu guztiak kate osoan” betetzen direla ziurtatzeko. Ondu ondoren ere, hainbat azterketa egiten zaizkio gaztari; besteak beste, analisi fisiko-kimikoa eta azterketa mikrobiologikoa. Azkenik, analisi sentsoriala ere egiten dio jatorri izendapeneko Dastaketa Batzorde Ofizialak.
Horrez gain, hemendik aurrera esnea eman duen ardiaren jatorrizko arraza ere ikertuko dute, latxa edo karrantza arrazetakoa dela ziurtatzeko. Material genetikoa aztertzeko biologia molekularreko teknikak erabiltzen dituzte, “baimendu gabeko arrazetako esnerik” erabili ote den ikusteko. Mota honetako azterketa eta arrazen kontrol sistema bat erabiltzen duen lehen jatorrizko izendapena da Idiazabal Gazta.
Aztik garatutako detekzio-metodoak DNAren tekologia erabiltzen du, biologia molekularreko tekniketan oinarrituta. Informazio genetikoa erabilita, “zehatz eta objektiboki” jakin daiteke gazta egiteko zein ardi-arrazaren esnea erabili den.