Osasun zentro berria martxan da Ezkioko Errekabarrena auzoan
Ezkio, Itsaso eta Gabiriako bizilagunak artatuko dituzte kontsultategi berrian. 160.000 euroko inbertsioa egin dute. Inaugurazioa ostiralean egin, eta atzo ireki zituen ateakUrteetan garai bateko Ezkioko medikuaren etxean egon da bertako, Itsasoko eta ...
Ezkio, Itsaso eta Gabiriako bizilagunak artatuko dituzte kontsultategi berrian. 160.000 euroko inbertsioa egin dute. Inaugurazioa ostiralean egin, eta atzo ireki zituen ateak
Urteetan garai bateko Ezkioko medikuaren etxean egon da bertako, Itsasoko eta Gabiriako bizilagunen osasun zentroa. Aurreko ostiralean Ezkioko Errekabarrena auzoan inauguratu zuten kontsultategi berria. Joseba Etxezarreta Ezkioko alkatearen esanetan, «herritarren beharrei erantzuteko eta profesionalek baldintza egokiagoetan lan egiteko aspalditik buruan genuen proiektua da».Lanak maiatz inguruan amaitu zituzten, eta denbora tarte honetan osasun zentroa hornitzen aritu dira. Inaugurazioan Inma Basterra Eusko Jaurlaritzako Landa Garapeneko zuzendaria egon zen eta bere arloak «landa guneen alde egiten duen apustuari» azpimarra egin zion.
Ezkioko, Itsasoko eta Gabiriako udalek 160.000 euroko inbertsioa egin dute osasun zentro berrian. Udal teknikariek garatu eta burutu dute proiektua.
Xabier Epaizabal mediku beasaindarra eta Amalur Muñoa erizain idiazabaldarra dira kontsultategiko profesionalak. Mediku gela, erizain gela, odola ateratzeko gela, biltegia eta bilera gela txikia ditu osasun zentroak.
Itxarongela ere badu, eta gela horren handiak poza sortu zuen bizilagunen artean inaugurazio egunean. Izan ere, aurreko kontsultategiko itxaron gela oso txikia zen eta bizilagunak bertan elkartzen zirenean zaila izan ohi zen elkarrekin hitz egitea barruko kontsultatik guztia entzuten zelako. Bizilagun batek zioenez, «normala denez, baxuago hitz egiteko eskatzen ziguten. Orain hitz egiteko aukera izango dugu. Izan ere, gurea bezalako herri txiki batean osasun zentroa elkartzeko tokia ere bada». Beste bizilagun batek barre artean hala zioen: «Osasun zentro honetan galdu ere egingo gara!».