Badirela sinisten hasi beharko
Ataungo 6. Gaueko Ibilaldi Mitologikoak jendetza erakarri du: 1.500 lagunek ikusi dituzte antzezpenak eta egin dute ibilaldia. Gau «zirraragarria eta magikoa» izan daDirenik ez da sinistu behar, ez direnik ez da esan behar. Halaxe dio Ataungo esaera ...
Ataungo 6. Gaueko Ibilaldi Mitologikoak jendetza erakarri du: 1.500 lagunek ikusi dituzte antzezpenak eta egin dute ibilaldia. Gau «zirraragarria eta magikoa» izan da
Direnik ez da sinistu behar, ez direnik ez da esan behar. Halaxe dio Ataungo esaera zahar batek. Izena duen guztia omen da, beste batek. Ikusiak ikusi, eta mitologiaren azken sehasketako batean sei urtean lortu duten erakarmena neurtuta, zerbait badela sinisteko arrazoiak badaude. Larunbat iluntzean, 1.500 bisitari elkartu ziren Ataunen, 6. Gaueko Ibilaldi Mitologikoan bidaia egiteko prest.Bost-bat orduz, biztanleria bikoiztu egin zen Ataunen. «Erabat arrakastatsua izan da, beste behin ere. Ikusle eta bisitari andana jaso ditu Gau Ibilaldi Mitologikoak», baloratu dute Jentilbaratza elkarteko antolatzaileek.
Halako pertsona uholdea bi multzotan banatu zuten, San Gregorioko Barandiaran Mu- seoan, handik hasi baitzen txango mitologiko antzeztua. Agauntza errekaren murmurra sentituz, antzinako herribidean barneratu ziren bisitariak, ilaran.
Egunak eta gauak bat egin zuten orduan; errealitatea eta alegiazko mundua nahasi; oraina eta iragana bateratu; sinistunak eta sinisgabeak liluratu. Aurreko urteetan bezala, antzezpenak egin zizkieten Jentilbaratzako dozenaka kidek, zuzen-zuzenean, gorputz eta arima aurkeztuz.
Hiru bilatzaileak
Ortziaren iluna eskuetako kriseiluekin eta zuziekin argituz, gutxien ustetakoan ikusi zituzten bisitariek Erraldoi jentila, mintzezko oinak erreka-uretan sartuta lamiak, Torto, Marimunduko eta sorginak.
Psikikoki ezezik, fisikoki ere mitoen munduan ibili ziren. Joxemiel Barandiaran jaio zen Perunezahar baserria eta bizi izan zen Sara etxea behatu zituzten. Arkeologo eta antropologo aitzindariak eurak atera zitzaizkien, halako batean, bidera: Barandiaran, Enrique Eguren eta Telesforo Aranzadi. Aurten dira ehun urte, hain zuzen, hirukoa Aralarren indusketa arkeologikoak egiten hasi zela; 1917ko udan hasi zen euskal historiaurrearen gaua argitzen.
Gauerdia pasatuta amaitu zen ibilaldia, San Martingo plazan, «gau zirraragarria bezain magikoa». Txalo zarta luzearekin eskertu zuten 1.500 bisitariek ataundarren ahalegina, antzerkirako iaiotasuna eta ipuin zaharrak egia bihurtzeko artea.