Amets Arrospide Zubeldia beasaindar gaztea Sahara Mendebaldeko Auserd errefuxiatuen kanpamentuan izan da astebetez. Bertan ikusitakoa, ikasitakoa eta ezagututatakoa gizarteratu nahi du orain.
Amets Arrospide (Beasain, 1995) Madrilgo Complutense unibertsitatean Politika eta Zuzenbidea ikasten ari da; sei urteko ikasketak dira eta irailaren bosgarren urtea hasiko du. Sahara Mendebaldeko auzia lantzen aritu dira ikasturtean zehar eta otsailean bertara joateko aukera izan zuten bizi duten egoera gertutik ezagutzeko. Sahara Mendebaldeko hegoaldean dagoen Auserd errefuxiatu kanpamentuan izan zen astebetean, eta bertan ikusitakoa eta ikasitakoa gizarteratzea du orain helburua. Beasainen ekainean hitzaldia egin zuen Jokin Bildarratz, Madrilgo Kongresuko EAJko parlamentariarekin batera.
Sahara Mendebaldeko gatazkaz buruan zenuen irudiarekin ba al dauka zerikusirik Auserden ikusitakoak?
Erabat desberdina da. Jende guztiak esaten zidan ea mentalizatuta nengoen nora nindoan. Baietz uste nuen, baina hara iritsi eta, egia da, daukaten egoera ez da ona. Baina daukaten gutxiarekin ondo bizi dira eta oso zoriontsu dira. Beraien kausarekin lotura handia dute eta dena horra bideratzen dute. Baina eguneroko bizitzan mila buelta ematen dizkigute; hemen baloratzen ez ditugun gauza pilo bat baloratzen dituzte.
Zenbat denbora egin zenuen? Bertako familiekin bizi izan zineten?
Astebete, otsaileko azkeneko astean joan ginen. Egia esan, joateko data onak dira, eguraldia onaegiten baitu, gauetan hotza baina, bestela, izugarrizko berorik ez. Familia batean egon ginen. Egun guztia beraiekin egiten genuen baina ekintza akademi-koak ere bagenituen. Politika ikasten ari naiz, eta hango erakundeak ezagutzeko. Eguneroko bizimodua ezagutzearekin batera, instituzionalki nola dagoen antolatuta ikasi genuen. Ikastetxeak eta ospitaleak ere bisitatu ditugu. 30 kiloko maleta eraman genezakeen eta hainbat materialez beteta eraman genuen han banatzeko.
Zein egoeratan aurkitu dituzue? Urteak pasatzen ari dira errefuxiatu kanpamenduetan bizitzen…
42 urte! Etsita daude, Nazio Batuen Erakundeak proposatutako erantzunak ez direlako bete, baina belaunaldien artean desberdintasunak nabaritu ditugu. Gerran aritu zirenak lasaiago edo etsitago daude. Gazteek, aldiz, erabaki bat hartzeko gogoa dute, erradikalizatuago edo erradikalitzatzen pentsatzen ari dira. Beraien helburua da berriz beraien lurretara itzultzea. Gaur egun ezin daiteke esan gerran daudenik, baina gerra diplomatiko bat da. Gerra diplomatiko horretan erantzunik ez dagoenez, batzuk uste dute agian beste bide batzuk hartu beharko direla berriro, eta gazteak oso kontzientziatuta daude horrekin. Baina aldi berean, beldurra ere badute: zein punturaino merezi du berriro gerra batean hastea, zenbat bizitza joaten dira gerra batean…
Stand by batean daude.
Alde humanitarioari dagokionean, kanpoko laguntza beharrezkoa dute ezta?
Oso beharrezkoa dute, bai. Madrilgo Unibertsitatetik joan nintzen, eta aurkezten ginen momentutik, euskalduna nintzela esaten nien. Beraiek esaten zuten diferentzia handia dagoela Espainiako gobernuaren eta Espainiako herriaren artean. Gobernuak lehenengo minututik ez du ezer jakin nahi izan. Espainiako herria, aldiz, asko inplikatu da. Eta nik esaten nienean euskalduna nintzela, kausaren antzekotasunagatik, beraiek jasotzen duten laguntza gehiena euskaldunena dela esaten zidaten, eta beraiek beti egongo direla eskertuta Euskaditik jasotzen duten laguntzarekin. Bai laguntza materiala, umeak udan ekartzea… Eta gu hara joatea ere asko eskertzen dute.
Zergatik da garrantzitsua sahararrentzat bertara joatea?
Asko eskertzen dute handik itzulitakoan bakoitzak bere herrian han ikusitakoa eta ezagututakoa kontatzea. Izan ere, gaur egun, internazionalki isiltasun handia daukan gatazka bat da. Albistegi bat irekitzeko moduko gauza asko ari dira sufritzen, baina isilpean daude. Guk bezalako jendeak egiten ez badu, hortxe geldituko lirateke.
Dena den, gaur egun, Goierrira behintzat, uda pasatzera gero eta haur gutxiago etortzen dira.
Ikusten dute azken urteetan laguntza humanitarioa eta umeak udan ekartzea asko jaitsi dela, eta krisiagatik dela esaten du- te.Han bizi diren baldintzetan, udan 50 gradu egiten ditu, eta ume gaixoak han, oso gogorra da. Baina kritika egin baino, egiten den gutxia eskertzeko joera handia daukate. Dena den, badute isiltasunaren beldur hori, bat-batean gai batek hartzen du indarra, Turkian dauden errefuxiatuek adibidez, eta beraiena bigarren planoan gelditu dela uste dute.
Zerk harritu zintuen?
Interneta zutela. Facebook-a badaukate, wifi-a ere bai zenbait etxetan… Harrituta gelditu ginen. Ia jateko ezer ere ez daukate baina wifi-a daukate. Baina beraiek esaten dute, gaur egun Internetik gabe ezin dutela zabaldu han daukaten egoera. Biderik errazena Interneta da.
Unibertsitatetik egindako bisitak jarraipenik izango du?
Bai. Unibertsitatean erakunde txiki bat sortu da eta hainbat proiektu egiteko harremanetan jarri gara. Adibidez, unibertsitatetik proiektu bat bidali dugu, umeei, jolasaren bidez, birziklatzen edo gauzak norabait botatzen erakusteko. Dena lurrera botatzen dute. «Hau ez da gure lurra eta ez dugu zainduko esaten dute. Ahuntzak jango du» esaten dute.
Itzultzeko gogoarekin gelditu al zara?
Bai! Ez zait egun batetik bestera ahaztuko egindako bidaia. Hemendik ezin dugu gauza handirik egin, baina berriro joatea gustatuko litzaidake. Aurretik nahiko kateatuta nengoen gai horrekin, eta hara joandakoan eta ikusitakoarekin, zerbait egiteko gogoarekin etorri naiz. Horrelako gauzak ikusten dituzunean, alde batetik edo bestetik laguntzeko gogoa sortzen zaizu. Karrera bukaeran bi proiektu egin beharra dauzkat eta pentsatzen hasi naiz, ea lotu dezakedan Sahararen gaiari irteera politiko eta juridiko bat emateko proiekturen bat.
Gizartea sentsibilizatzearekin lotuta, Beasainen hitzaldia ere eman zenuen ekainean.
Bai, eta jende asko ari naiz ezagutzen. Algamar elkarteko batekin jarri naiz harremanetan eta hizketan aritu gara ea Beasainen zerbait egiten dugun. Ea jende gehiago animatzen den datorren udan haurrak ekartzeko. Karabana pila bat bidaltzen dira eta askotan ez da ezer ere behar. Eta asko eskertzen dute. Hemen botatzen dugun guztitik zerbait emango bagenu, asko aldatuko litzateke.