Bihar, Ordiziako Herri Antzokian taularatuko dute lehen aldiz 22:15ean. 25. urteurrena ospatzeko, Shakespeareren komedia bat aukeratu dute. Santa Ana jaietako txupinazoa botako dute
Ordiziako Urrup antzerki taldeak 25. urteurrena du aurten eta modu berezian ospatu nahi du. Gogor aritu dira lanean, Shakespeareren
Zuek nahi bezala antzezlana taula gainera eramateko. Urrupekoak izango dira, gainera, Santa Ana jaietako txupinazoa botako dutenak, uztailaren 24ean. Bihar izango da estreinaldia, Ordiziako Herri Antzokian, 22:15ean.
Rosa Rojo da antzerki taldeko zuzendaria. Orain dela 24 urte hartu zuen taldearen gidaritza eta «emozioa eta aldi berean urduritasuna» dira une honetan sentitzen duena. Entsegu ordu askoko hilabeteak izan dira, bihar guztia ondo ateratzeko.
Hirugarren aldia izango da Urrupek Shakespeareren lan bat antzeztuko duena. Jatorrizko lana moldatu eta euskaratu ondoren, «emaitzarekin gustura» dago taldea eta kideek publikoari «25 urte hauetan guztietan izandako jarraipena eskertu nahi» diote.
Komedia urteurrenerako
Zuek nahi bezala antzezlana abestiz, engainuz eta mozorroz jositako komedia bat da. Hala ere, istoriak hasiera bortitza eta krudela du: tirano bat tronura iritsi da eta bere anaia krudelki tratatzen du. Erbesteratua da, eta Arden basora ihes egiten du, non maitasuna erabateko balorea den, baina baita erabateko kasualitatea ere; hala, musika, filosofia, desioa, amodioa eta iseka dira obraren osagarri nagusiak.
Urrupekoak, herritar guztiak gonbidatu nahi dituzte, estreinaldiarekin «ongi pasatzera».