Vancouver Legazpiko musika taldeak 'Pasa a la accion' disko berria kaleratu du eta Kale Zaharrean aurkeztu du. Udan oporretara doaz eta bueltan plazerragatik jotzen jarraituko dute
Vancouver ez da soilik Kanadako mendebaldeko kostal-dean dagoen hiria. Vancouver Legazpiko musika talde baten izena da. Bost musikarik osatzen dute taldea eta orain
Pasa a la accion disko berria kaleratu dute. Alain Narbonak (ahotsa eta gitarra) eta Endika Agirregabiriak (ahotsa eta gitarra) jarri zuten martxan taldea; biek ala biek letrak ere idazten dituzte. Taldea 2010ean sortu, eta zein den bere estiloa galdetuta erantzuna argi daukate: rock klasikoa.
Gaizka Ormazabal bateria jotzailea da, Iñaki Gurrutxaga baxu jotzailea eta Noel Calvok saxoa jotzen du. Narbonarekin eta Agirregabiriarekin batera osatzen dute Vancouver.
Pasa a la accion disko berriaren titulua iraultzarako gonbitea dela dirudi. «Zure besaulkian jarrita zaudela ezin duzu iraultza egin, dio abestiak», kontatu du Narbonak. Egunerokoari lotutako letrak idazten dituztela diote Narbonak eta Agirregabiriak: bakoitzak, aitzitik, bere erara idazten du. Narbona poetikoagoa da, Agirregabiria prosaikoagoa; batak lurretik altxatzen ditu oinak, besteak zoruari itsatsita dauzka eta zer edo zer gertatzea behar du letra bat idazteko.
Hasieratik argi izan zuten euren abesti propioak sortu nahi zituztela. Beste talde batzuetatik zetozten eta Vancouver osa- tzean bertsiorik ez zutela egin nahi jakin bazekiten, «aspergarria» egiten zaiela diote.
Bigarren diskoaren aurkezpen kontzertua hilaren 15ean egin zuten, euria egin arren jarraitzailez bete zen Kale Zaharrean.
Jotzen jarraitzea helburu
Musikarekin gozatzen dutelako jotzen dute. Alabaina, kontzertuak atera daitezen eta euren musika zabaltzeko lana ez zaie horrenbeste gustatzen. Helburua, dena dela, oso argi daukate: «Jotzen jarraitzea da». Jarraitu, estresatu gabe, gozatzen.
Orain oporrei etekina aterako diete eta bueltan One Way taldeko lagunekin kontzerturen bat edo beste egiteko asmoa daukate. One Way-ekoek disko berria labean daukate argitaratzeko pronto. Bi disko berriak eskuan, elkarrekin jotzeko gogoa dutela diote Vancouverrekoek.
Urtero beste hitzordu finko bat dute eta aurten ere izango dutela espero dute. Bitxia da hitzordua. Behobia-Donostia lasterketan jotzen dute. Errenteriako kioskoan, 30.000 ikus-entzule aurretik pasatzen zaizkiela jotzen dute. Kablerik gabeko gitarrak eskuetan lasterkariekin nahasten dira eta hiru orduz jotzen dute.
Alacanterekin ere lotura berezia dute, hain zuzen Alcoi herriko talde batekin elkar trukeak egiten dituzte: haiek hona eta hauek hara joaten dira.
Taldearen izenaren atzean ez dago istorio luzerik, hizkiek elkarrekin sortzen duten soinua eta hiri bat baino ez; hiri hori ez dago Kanadan, Legazpin dago.