Opor aldia beti da feriarako aproposa
Produktu berriak ez ezik, artzain berri bat bere ardi gazta saltzen eta datorren asteko egun aldaketa ibili dira ahoz aho giro egokian. Horiek izan dira atzoko aipagarrienak.
Asteroko fruta eta barazki berrien emariak zabalik dirau Ordiziako azokan. Aurten aurreratuak datoz hainbat mozkin, eta atzokoa ere aipagarri zen: uztail erdian eta basaranak salgai. Zaldibiakoak ziren, beheko aldekoak; mendikoak, aldiz, beranduko hasiko dira. Kiloa 5 euroan zen salgai. Piper morroak, berriz, aspalditxo salgai ziren berdeak, baina atzo ia ondo gorritutakoak ere ikusi genituen, eta esan behar da ez dela hemen erraz gorritzen den produktua hau. Kiloa 3,5 euroan zen. Gaztañaditxulo gazta Bolada honetan aipatzen ari garen moduan, udako opor garai honetan urteko erritmoa aldatu, lanetik libratu eta Ordiziara goiz pasa joaten den bezeroa ikustea asteroko kontu bilakatzen da. Atzo, aldiz, saltzaile bat ere kasu horretan zen, Ander Barandiaran artzaina hain zuzen ere. «Urtean zehar nahikoa lana izaten da ardiekin, baina orain lasaiago gaudenez, gaztak saltzera etortzeko aprobetxatu nahi ditugu udako hilabete hauek» aipatzen zigun jatorriz Amasakoa bada ere, aspalditxo Idiazabalen bizi eta artzaintza munduan murgiltzea erabaki duen gazteak. Ezerezetik hasi eta poliki-poliki lanbide honetan buru-belarri dabil Ander, ama Edurne Mujika gaztagintzan eta saltze lanetan Oihana Iguaran lagun dituela. Atxurbi Idiazabalgo herri lurretako larrean ibili ohi dira udan ardiak, Gaztañaditxulo baserri inguruko larreetan neguan. Izen bereko Idiazabal jatorri izendapeneko gazta salgai du, etxeko arkumeen gatzagiarekin egindakoa, naturala eta ketua, kiloa 17 euroan. Afizioa ofizio bihurtu izanaren poza du batetik Barandiaranek, eta zailtasunik handiena generoa saltzea dela dio. Bere produktua erosteko aukera dago atzotik eta abuztuko aseazkenetan Ordiziako ferian. Hurrengoa, astelehenean Uztaila aurrera doa eta Ordiziako festak gainean dira. Prestakuntzak aspaldi hasiak dira, eta ferian ere eragin nabarmena antzemango da. Datorren asteko feria astelehenez izango da, eta ordutegi murriztu eta zehatzarekin. Gainera, inguruko hiru herrietako asteroko azokek bat egingo dute astelehenarekin, izan ere, berezkoa du astelehena Lazkaok eta astearteko Beasaingo feria ere aurreratuko baita. Ordizian, ondorioz, ez da ohiko martxa eta postu pila izango; asteazken arrunt batean 50 postutik gora izan ohi dira, eta datorren astean erdiak ere ez omen dira etorriko.