Haurren astebukaera ospatuko dute lehenengo; larunbatean hartuko dute agintea bi alkate txikiek. Aurtengo berrikuntza 'Psychoclown' ikuskizuna izango da, astelehenean
Udal ordezkariak eta Ordiziako talde eragileetako partaideak, festak aurkezteko agerraldian.
Dena prest dute Ordizian aurtengo Santa Ana festei hasiera emateko. Haurren astebukaera ospatuko dute lehenengo, larunbatean hasita. Jaiei hasiera ofiziala Urrup antzerki taldeak emango die, astelehenean, hilak 24, 12:00etan, aurten taldearen 25. urteurrena baita. Pasa den ostiralean aurkeztu zuten aurtengo festetako egitaraua udal ordezkariek, herriko hainbat talde eragilekin batera.
Larunbatean, June Villarrek eta Hodei Rodriguezek hartuko dute herriaren agintea, jaietako haurren astebukaeri hasiera emateko. 1964an, Felix Garitano Padre Canicas-ek jarri zuen mahai gainean Ordiziako festetan haurren eguna egiteko asmoa, eta Presen Olano kateskitaren laguntzarekin martxan jarri zuten. Harrezkero, urtez urte aurrera egin du ohitura horrek.
Aurtengo berrikuntzak
Santa Anak jaiak berrikuntzekin datoz aurten. Hilaren 24ko helduen danborradaren ondorengo tarterako antzerki eta musika ikuskizuna antolatu dute ostalariek. Psychoclown izena du eta gerturatzen diren guztiak «aho zabalik» uzteko modukoa izango dela iragarri dute. Hurrengo egunean, erraldoien konpartsarekin batera aterako dira Kataluniatik datorren Zo-Zongó taldeko kideak.
Jaietan errespetuz
Udal arduradunek «errespetuzko jarrera» eskatu dute jaietarako; «errespetuan oinarritutako eta eraso sexistarik gabeko festak» espero dituzte. Horretarako, Ez da ez, ez pasa eta ez onartu kanpaina jarri dute martxan, horrelako «mezu argi eta sinpleekin, herritarren arreta erakartzeko, erasotzat har daitezkeen eta errespetuzkoak ez diren jarrera guztiak baztertzearen alde».
Kanpaina horren barruan hainbat ekintza jarri dituzte martxan. Hala, hilaren 25ean gune informatiboa jarriko dute Arboledan, eta pegatinak banatu eta kartelak ere jarriko dira. Ikastetxeetan, berriz, Beldur barik gida banatu zuten ikasleen artean. Zerbait gertatzekotan beharrezko telefonoekin txartela ere eskura dute herritarrek.
Botilzarra eta testing-a
Santa Anatan alkoholaren eta drogen erabilpen zuzenena egite aldera, aurten ere Botilzarra eta testing-a egingo dituzte Ai! Laket elkartearen eskutik. Hala, hilaren 25ean 19:00etatik gauerdira arte Botilzar programa burutuko da, eta egun horretan eta hurrengoan 22:00etatik 02:00ak arte, Testing programa eskainiko da, festa giroan droga kontsumoen arriskua murrizteko.
FESTETAKO OHARRAK:
Autobus zerbitzuak aldaketak izango ditu jaiengatik
Jaiak direla eta, autobus zerbitzuak aldaketak izango ditu. Goierrialdeko autobusak ez dira geldituko geltoki hauetan: Tximista, Arana kalea, Ordizia kalea eta Urdaneta kaleko 40. Geltokia, Otegi-enean (Anexo) eta Urdaneta 78an (Malkasko) egingo da. Ibilbide luzekoek ere aldaketak izango dituzte eta Urdaneta 78an geldituko dira. Donostirako noranzkoan Renfen hartuko da.
Herritarrek festen inguruko iritzia eman ahalko dute
Ordiziako Udalaren webgunean, galdeketa egingo dute jaien inguruan herritarrek duten iritzia jasotzeko, iaz bezala. www.ordizia.eus webgunean sartuta, goiko aldean, Ordizia hobetzen banerrean klikatu beharko dute erabiltzaileek. Banerra, uztailaren 24tik abuztuaren 7ra egongo da jarrita. Udalak, herritar guztiak parte hartzera animatu nahi ditu, urtero festak hobetzen joateko.
Barrakak Bizkaia pasealekuan eta bigantxak, Bustuntzan
Barraken eta bigantxa-plazaren kokaleku aldaketa egin zen iaz sarbidea hobetzeko. Barrakak Bizkaia pasealekuan eta bigantxa-plaza Bustuntzan, Idoiaga plazan ipini ziren eta aurten ere han jarriko dituzte, udalak esandakoaren arabera «oso balorazio positiboa» izan zituztelako. Dena den, ulertzen dute hainbat bizilagunentzat deserosoa izan daitekeela eta horregatik barkamena eskatzen du udalak.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.