Udalak onartu du Kalebarren auzoan 122 etxebizitza eraikitzeko plana
Hiri-antolamendu plan berezia onartu dute osoko bilkuran. Auzoan espaloia metro bat altxatuko dute. Irailean kultur etxean bilera informatiboa egingo dute bizilagunentzatHerenegun iluntzean egin zuten udako oporren aurreko azken osoko bilkura Zumarrag...
Hiri-antolamendu plan berezia onartu dute osoko bilkuran. Auzoan espaloia metro bat altxatuko dute. Irailean kultur etxean bilera informatiboa egingo dute bizilagunentzat
Herenegun iluntzean egin zuten udako oporren aurreko azken osoko bilkura Zumarragako udaletxean. Bertan Kalebarren Plan Bereziari hasierako onespena eman zioten EAJren abstentzioarekin eta gainerako alderdien aldeko botoekin. Plan bereziari jarraiki, Kalebarren auzoan 122 etxebizitza eraikiko dituzte. Egun, auzoan 52 etxebizitza daude.1994. urteko maiatzean egindako hiri-antolamendurako ikerketarekin egin zen lehen ahalegina auzoa birgaitze integraleko eremu izendatzeko. Ordutik antolamendua asko aldatu da; 2008an Kalebarrenerako Birgaitze Plan Bereziaren Aurrerapenaren idazketa prozesuari ekin zioten. Hala ere, ez zen adostasunik lortu. Horrenbestez, ez zen plana tramitatu eta alternatibek ere ez zuten aurrera egin.
Astearteko osoko bilkuran onartutako testuak etxebizitza kopurua handitzeaz gain, Kalebarren 2-4 zenbakien eta Piedad 1 parean dagoen oinezkoentzako espaloiaren zabalkuntza eta hobekuntza lanak ere hartzen ditu. Gainera, espaloia metro bat igoko dute eta errepidearen maila berera ekarriko dute.
Ipintzako eta Forjaseko eremuak Okendo kaleko errotondarekin lotuko dituen norabide bakarreko bidea egiteko asmoa ere badago. Bilkuran Kalebarren Plana positibotzat jo zuten oposizioko alderdiek.
Oposizioa alde
EAJko kideek 2005-2006.urtean berritze plan integrala eskatu zutela gogorarazi zuten. Hala ere, proiektuari traba ez egiteko borondatea erakutsi zuten, baina bizilagunen iritzia ezagutzeko denbora eskatu, eta abstenitu egin ziren.
EH Bildutik denbora eskatu zuten bizilagunen iritzia jakin, eta hauen ekarpena biltzeko. Plana positibotzat jo bazuten ere, lehenago egin beharreko zerbait zela esan zuten; plan honi beste proiektu batzuen aurrean lehentasuna emanez. Berehala abiarazteko, alde bozkatu zuten.
Irabazik ere bizilagunentzat lagungarria den plan bat egitearen alde egin zuen, eta bere laguntza eskaini zion udal gobernuari. Aldeko botoa eman zuen.
Bizilagun eta herritarrei informazioa emango diete. Hain zuzen, irailaren 30era arte informazio fase bat martxan jarriko du Zumarragako Udalak. Asmoa, iraila hasieran Zelai Arizti kultur etxean bilera informatibo bat egitea da. Bileran hirigintza planaren egileak egongo dira Kalebarreneko bizilagunen eta bestelako zumarragarren zalantzak argitzeko.
Osoko bilkuran beste gai batzuk ere izan zituzten hizpide: hala nola, datuen babesa eta udal langileen aurtengo soldaten igoera.