Boxeolari profesionalen eta amateurren borrokaldiak antolatu ditu Ordiziako Boxing Ciclo Club elkarteak. Arratsaldean, Ordiziako Punch Boxing taldeak erakustaldia egingo du
Boxeoaren zaleek urteroko zita dute gaur arratsaldean eta iluntzean Ordizian. Izan ere, Boxing Ciclo Club elkarteak Ordizia Sutan jaialdia antolatu du, urtero ohitura den bezala. Aurten ere, jaialdi betea antolatu dute eta boxeolari profesionalen borrokaldiak eta amateurrenak egongo dira. Boxeo profesionala 22:00etan izango da, Beti Alai pilotalekuan eta sarrerak 15 euro balio du.
Gaueko saio honetan Errioxako Ricardo Fernandezek eta Marius Istrate errumaniarrak borrokaldi polita eskaintzea espero da, Kevin Baldospino eta Daniel Calzado ring-era igo aurretik. Pisaketak atzo arratsaldean burutu ziren Beti Alai pilotalekuan, entrenatzaile, federazioko ordezkari eta epai-leen aurrean. Marius Istratek, 60 kilotik gora eman zuen pisaketa, baina ariketa batzuk egin eta izerdi pixkat bota ostean, pisuaren barruan sartu zen. Gainontzekoek, ez zuten arazorik izan.
Pedro Carrasco, Jose Duran, Neches, Urtain, Poli Diaz, Paco Galvez, Israel Carrillo edo Ruben Diaz dira Ordiziako ring-etik urte hauetan guztietan igaro diren boxeo txapeldunetako batzuk.
Erakustaldiak aurretik
Bestalde, arratsaldean, 18:30etik aurrera, Ordizia Punch Boxing kirol taldeak antolatuta, boxeo eta defentsa pertsonaleko erakustadia egingo dute eta urtean zehar egindako lana erakutsiko dute. Francisco Romero entrenatzaileak adierazi bezala, taldearen helburu nagusia boxeoa ezagutzera ematea da.
Erakustaldian, Ordiziako taldeaz gain, Beasaingo boxeo taldekoek eta Gasteizko V&M gimnasioak ere hartuko dute parte. Erakustaldia dohain izango da, beraz, herritar guztiak gonbidatu nahi dituzte gaur arratsal-dean, Beti Alai pilotalekura.