Urretxu, Zumarraga eta Legazpira 5 haur etorri dira aurten. Azken urteetan behera egin du haurren harrera familien kopuruak. Familia hauen beharra azpimarratu dute
Urteroko ohitura bilakatu den harrera egin diete Urretxu, Zumarraga eta Legazpiko udalek udan hemen dauden haur sahararrei. Bailaran uda pasatzen ari diren bost haurrez gain, Tolosaldean dauden haurrak ere etorri dira. Harreraren ostean, Gure Txoko jubilatuen egoitzan bazkaldu dute, eta eguna amaitzeko Aikur erle museora joan dira.
Ekintza hauek ez dira haurrentzat prestatu dituzten bakarrak, izan ere ekainaren 24an etorri zirenetik hainbat irteera eta ekitalditan parte hartu dute. Adibidez, heldu ziren egunean haur batzuk Zumarragako danborradan parte hartu zuten. Hilaren 8, 9 eta 10ean Nafarroako Lukin herrian egon ziren bertako aterpetxean. Igandean Oiartzunen izan ziren, eta herri bazkari bat egiteaz gain, hainbat jolas egin zituzten. Haur saharar baten urtebetetze festa ere ospatu zuten herenegun Antion.
Haurrak Euskal Herrian dauden bi hilabeteak ahalik eta gehien baliatzea da Hare Haizea elkartearen helburua. Remi Garcia elkarteko kideak dionez, «Saharan orain dauden 50 graduetatik ihes egiten laguntzeaz gain, mediku azterketak egiten dizkiegu, botikak eman eta dentistarenera eramaten ditugu». Laguntza hau, bailarako udalei, Zumarragako Ospitaleari, eta Itziar Ayon dentistari esker eskaintzen da. Horrela, harrera familiek ez dituzte haurren joan etorriko bidaiak, analisiak eta azterketak ordaindu behar.
Kanpamentutik ateratzea
Azken urteetan Euskal Herrira heltzen diren haurren kopuruak behera egin du. Bailarara heltzen den haurren kopurua, adibidez, 15etik 5era jaitsi da; Remi Garciaren ustetan, krisi ekonomikoa izan da arrazoi nagusia. Hala ere, ez da arrazoi bakarra izan; heltzen diren haurren adinak gora egiteak ere zer ikusia izan duela uste du: «Haurrei berez kanpamentutik 8 urterekin irtetea egokitzen zaie; baina denentzat harrera familiarik ez dagoenez, geroz eta helduago irteten dira. Gurera etorri direnak, adibidez, 11 eta 12 urteren inguruan dabiltza».
Harrera familientzat ere oso esperientzia baliagarria dela dio: «Egunerokotasuneko gauzak baloratzen erakusten dizute haurrek». Guretzat ohikoak diren gauzak beraientzat berriak dira, «aurreko batean bazkaltzen ari ginela janaria ez zela bota behar esan zigun gurekin dugun haurrak».
Harrera familien beharra
Azkenik, herritarrei harrera familia izateko deia luzatu diete Hare Haizeatik: «Guri haurrak ekarri behar ez izatea gustatuko litzaiguke eta Saharara turista moduan joatea. Baina gaur egungo egoera ikusita, beharrezkoa da haurrei udan ateratzeko aukera ematea».