Ormaiztegitik egunean 100 kamioi pasatzen direla salatu du Birzirikek
Mutiloako Lurpe zabortegira bidean, egunero Ormaiztegitik pasatzen den «kamioen joan-etorri handiaz» ohartarazi du Goierri Birzirik taldeak, informazio gunea jarritaMutiloako Lurpe zabortegiak eta bertara doazen kamioiek kezka sortu dute Ormaiztegin ...
Mutiloako Lurpe zabortegira bidean, egunero Ormaiztegitik pasatzen den «kamioen joan-etorri handiaz» ohartarazi du Goierri Birzirik taldeak, informazio gunea jarrita
Mutiloako Lurpe zabortegiak eta bertara doazen kamioiek kezka sortu dute Ormaiztegin azken hilabeteotan. Goierri Birzirik plataformak informazio gunea jarri zuen atzo, Mutiloarako bidegurutzean. Herritarrei galdetegiak banatzearekin batera, egunean zehar zenbat kamioi pasatzen diren ere kontatu dute; atzo, 06:00etatik 18:00etara 100 zenbatu zituzten guztira. Gainera, bidegurutze ondoko hainbat bizilagunen salaketak jasoz, araututako ordutegitik kanpo eta gauez ere kamioiak pasatzen direla azaldu dute.Goierri Birzirik plataformaren ustez «beharrezkoa» zen atzoko ekintza, «herritarrak informatu eta euren kezkak eta zalantzak» argitzen saiatzeko. Izan ere, «inongo arduradun politikorik ez da hurbildu herritarrengana inolako informaziorik ematera» eta plataformaren ustez, «gaiaren larritasuna» ere ez dute aintzat hartu. Atzoko egunean zehar informazio puntura gerturatu ziren herritarrek «ahalegina asko eskertu» dutela ere azpimarratu dute.
Kamioi kopuru handia
Beste helburu bat ere bazuen atzoko ekimenak: zabortegira doazen kamioi kopurua kontatzea. «Bidegurutzean jarri izana probestuz, bertatik bertara ikusi ahal izan dugu zabortegiaren ondorioz herrian dagoen kamioien joan-etorri handia». Zabortegia irekia dagoen 12 orduetan (06:00-18:00) 100 kamioi zenbatu zituzten atzo. Hala, «garraio astunaren eragina jasangaitza» dela salatu du Goierri Birzirik taldeak.
Elkarretaratze batekin bukatu zuten eguna. Goierrik ez duela «horrelako bidegabekeriarik merezi» salatu zuten plataformako kideek. Herritarren «osasuna eta ingurumena errespetatuko dituen hondakin kudeaketa adostu bat» aldarrikatu dute beste behin, eta bide horretan «lanean eta borrokan jarraitzeko konpromiso irmoa» azaldu dute.