Legazpiko Merkataritza Berrindartzeko Plan Bereziaren barruan diagnosia egin du Ikerpartners enpresak. Turismoak ez diela modu positiboan eragiten uste dute merkatariek
Ikerpartners enpresak Legazpiko Udalaren enkarguz egin du merkataritzaren egoeraren azterketa. Helburua Legazpiko merkataritza berrindartzeko plan berezia osatu eta ekintzak bideratzea da. Momentuz, egoera aztertu eta diagnosia aurkeztu du Ikerpartnersek. Ondorioen artean, nabarmenena legazpiarrek ekipamendu pertsonalaren gastuaren %43 Legazpitik kanpo egiten dutela da. Erosketak egitera doazenean Donostiara joaten direla esan dutenak %29 dira eta Internetez egiten dituztenak %11; joera hori handiagoa da gazteengan, %22 hain zuzen.
Azken urteetako egoera ekonomiko orokorrak merkataritza gastuaren jaitsiera eragin duela diote, eta Legazpiko kasuan zerbitzuen sektorearen parkean %23ko uzkurdura eragin duela; merkataritzan %23 eta %46 etxeko ekipamenduen kasuan.
Internet bidezko erosketak nabarmen igo direla sumatu dute. Aitzitik, Legazpiko merkatariak oro har ez dira teknologia berrietara egokitu: establezimenduen %70ek ez dauka web orririk eta ez dago sare sozialetara ohituta. Bestalde, larunbatak Legazpin ez dira merkataritza egunak; %35ak betiko ordutegiarekin jarraitzen du eta %30a ez dago ordutegi hori larunbat arratsaldeak itxita aldatzeko prest.
Egoera hori izanda, Ikerpartnersetik diotenez, etorkizunera begira merkataritza negozioen kudeaketa eta planifikazio klasikoen birpentsatzea «beharrezkoa» da. Ilinti merkatari elkarteak sustatzen dituen animazio lerroak berriro planteatzea ere gomendatu dute, «dinamizazio klasikotik animazio eta lehiakortasunera jauzi eginez».
Garraio publikoaren mugak, hirigunearen erakargarritasunik eza merkataritzari dagokionez, eta merkataritzak kapitalizatzen ez duen turismoa aipatu dituzte aztertu beharrekoen artean.