«Arrauna sakrifikatua da, baina zerbait ematen digulako ibiltzen gara»
Jaiolekua ez dauka ahazteko Joritz Lasarte arraunlariak (Gabiria, 1992). Txiki-txikitatik aitaren herrian, Ondarroan, bizi den arren, gabiriarra da sortzez. TKE maila gorenean arraun egiten du.Ondarroaren TKE mailako ontzian gabiriar bat. Gabirian jaio...
Jaiolekua ez dauka ahazteko Joritz Lasarte arraunlariak (Gabiria, 1992). Txiki-txikitatik aitaren herrian, Ondarroan, bizi den arren, gabiriarra da sortzez. TKE maila gorenean arraun egiten du.
Ondarroaren TKE mailako ontzian gabiriar bat. Gabirian jaiotakoa zara.Bai, Azkartza etxean jaioa naiz. Ama urretxuarra daukat, eta Zumarragako Ospitalean jaio nintzen. Aita-amek erosi zuten baserria Gabirian. Bizi beti Ondarroan bizi izan naiz, eskolara ere Ondarroara joan naiz beti. Baina Gabirian txikitatik asteburuetan, uda guztietan eta oporretan egon izan gara. Mantentzen dugu etxea, beti etortzen gara.
Nongoa zarela esaten duzu?
Gabiriakoa. Ondarroan giputza naiz, eta hemen [Goierrin] ondarrutarra. Hala ere, Gabirian gaude erroldatuta, familia osoa. Bizitza Ondarroan daukagu egina, baita kuadrilla ere. Familia ere badaukagu Goierrin, eta tarteka etorri eta lasai egotea gustatzen zaigu.
Arraunean 2008tik ari zara. Gazterik hasi zinen, 16rekin.
Lagunekin hasi nintzen. Haiek 11 urterekin hasita zeuden. Ni lehen judoan ibiltzen nintzen; pixka bat aspertuta, probatzeko aukera izan nuen. Arraunean hasi, eta gaur arte.
Kadetetan hasi, eta gero?
Talde batzuk pasatu ditut harrezkero. Kadeteen 2. urtean hasi, eta 2011ra arte egon nintzen Ondarroan. 2013an Mutrikun aritu nintzen. 2014ko lehen zatia ere han, baina udan Zumaia B taldera joan nintzen. 2015ean Mutrikun segitu nuen. Ontzi desberdinak dira: batela, trainerilla eta trainerua. Batelak eta trainerillak Mutrikun egin nituen, eta 2015eko udan pasatu nintzen trainerura.
Iaz Ondarroara itzuli zinen, eta TKE maila gorenera igotzea lortu zenuten. Lehen aldiz, 12 traineru onenetan da Ondarroa.
Bai, gustura gabiltza. Herria ere gustura dago, kalean beti dago zeresana. Entrenatzailearekin hirugarren urtea dugu. TKEren eskakizun mailan aldaketa intentsitatean nabaritu dugu guk, ligak eskatzen duen horretan. Entrenamenduak gogorrak berez dira, lehendik ere nahiko berdinak ziren. Orain denboraz gehiago ez dira, intentsitatea handitu da. Profesionaltasuna beheko mailetan ere berdina da, TKEn gehiago estutzen da.
Nola planteatu duzue urtea?
Liga luzea da, 18 estropada dira. Eta plantilla behar duzu, armario bat balitz bezala: beti arropa eduki behar duzu. Gu 22 arraunlari gara, eta traineruan 13 sartzen gara. Orduan, aldaketetarako beti jendea behar da, horrek ematen dizulako uda guztia irauteko maila.
25 urte dituzu. Gaur egungo arraunean ‘gaztea’ da hori?
Beno, denetik dago. 24-25 urtekoak sei edo zazpi gaude. 20-21eko gaztetxo batzuk ere baditugu. Gero, jauzi bat dago: 32 urtekoak, 47ko bat ere badugu… Belaunaldi asko elkartzen gara arraunean, ez beste kirol batzuetan bezain momentukoa. Profesionaltasuna badago, baina honek etxeko babesa du.
Zenbaterainoko profesionalizazioa daukazue zuek?
Guri urtero ematen digute sari bat, egin dugunaren arabera. Baina horrek ez du ematen hemendik bizitzeko, inondik inora. Eibarren eta Elgoibarren mekanizatuko eta soldaketako goi mailako bi gradu egin nituen. Orain Abadiñon nabil lanean, enpresa batean.
Babesletzaz nola zabiltzate?
Aurtengo lortu ditugu sponsorrak, baina urtero bila gabiltza. Galiziara joateko, 20 pertsona mugitzeko, bidaiak, gastuak, gauerako lo lekuak… ordaindu egin behar da hori.
Galiziako estropadetara joateko nola antolatzen zarete?
Bezperan joaten gara, ostiralean. Batzuek oporrak eskatzen dituzte, edo jaiegunak lanetik. Beste batzuk ikasten ari dira. Ostiralean bidaiatu, eta igandean itzuli.
Lana eta eliteko arrauna uztartu behar, orduan. Baina nola?
Gu gazteak gara, eta horrela ondo eraman daiteke. Baina badaude familia daukaten arraunlariak, hiru seme-alaba dituztenak. Horiek larriago ibiltzen dira. Astean sei bider entrenatzen dugu, aldiko bi-hiru ordu, gutxienik.
Beti itsasora?
Ez, denetik egiten dugu. Barruan eta kanpoan, korrika, gimnasioan… Saiatzen gara denetik uztartzen.
Zein postutan aritzen zara?
Ni beti puntan joaten naiz. Pisu gutxien daukagunak izaten gara puntan, arinenak. Ni ziabogaren aurrean joaten naiz. Alde tekniko handia dute gure postuek. Itsasoa baxu dagoenean, adibidez, hor izaten dira teknikoki ondoen moldatzen direnak. Traineruaren erdikoak dira pisu gehienekoak, eta aurrean joaten direnak markak dira, erritmoa kontrolatzen dutenak. Bakoitzak dauka bere funtzioa.
Arraunlariaren bizitza hain sakrifikatua al da?
Bai, bai. Udan zaindu egin behar duzu, ezin zara despistatu. Gainera, gutxiago horrelako maila batean. Segundo bakoitzean dena eman behar duzu. Puntu bakoitza urrezkoa izan daiteke.
Estropadetan ez dago indarra erregulatzerik, ezta?
Hor ez dago erdibiderik. Hasieratik guztia emanez joaten gara. Beti saiatzen zara estrategia bat eramaten, aurkariari mina noiz eman behar diozun eta. Ez kartak gorde, baizik zuk daukazun abilezia noiz eman kontrolatu. Baina batzuetan jada joan zaizu, eta aurretik planteatutakoa beste era batera modaltzen joan behar izaten duzu.
Kirol helburua zein du Ondarroak 2017ko denboraldian?
Entrenatzaileak esan diguna da iaz baino azkarragoak izan behar dugula. Horrek ez du esan nahi azkarrago ibiliko garenik. Beste taldeenganako diferentzia suposatzen du horrek. Adibidez, lehen estropadan 7. egin genuen, eta aurreko hiru traineruak 2-3 segundoren tartean gelditu ziren. Bigarrenean, berriz, 10. bukatu genuen. Asteburu bakoitzean, segundo bakoitzean puntuak jokatzen ditugu. Ahalik eta erregularrena izatea da gakoa.
Orain arteko garaipen politena zein duzu?
Iaz, adibidez, Bilbon irabazi genuenekoa, KAE-1en. Baina politena Ondarroako bandera irabaztea izan zen, 21 urteren ondoren. Herrian bertan irabaztea beti da pozgarria, zure lagunak, familia, ezagunak portuan daudelako. Hasi ginenean lehenengo bandera lortzea polita izan zen. Haren aurretik azkena 2011n irabazi zuen Ondarroak, justu taldean nengoenean. KAE-2 ligan lau bandera irabazi genituen, urte hartan. Iaz 18 estropadetatik hamarretan arraun egin nuen. Horrekin, gustura.
Zuen traineruak muga non du?
Gure ekipoa mentalki burugogorra da, beti dena emateko gogoz dago. Muga ez dakit non dagoen. Gero, ikusi behar da behetik, harrobitik jenderik etortzen den. Indarra ematen du horrek; orain 22 gara, baina bihar igual inor ez.
Goierritik itsasoa urruti ez dago baina, arraunlari gutxi?
Nik animatuko nuke jendea, kirol desberdin bat probatzeko. Zergatik ez? Kirol konpletoa da, gorputz atal guztiak lantzen dira. Sakrifikatua bada, baina zer edo zergatik aritzen gara entrenatzen, zerbait ematen digulako. Itsasoan, olatua hartzen duzunean, sentsazio hori ezin da esplikatu. Traineruaren arintasuna abiadura hartzen duenean, olatu bat hartutakoan…