Abuztuaren 19an eta 23an izango dira saioak. Erreserba egin behar da.
Taloak egiteaz gain, Igartza Monumentu Multzoari bisita egingo diote.
Abuztuaren 19an eta 23an, 17:00etan, talo tailerrak eskainiko dituzte Beasaingo Igartza Monumentu Multzoan. Adin guztietako jendeari zuzenduta daude tailer hauek, haur zein helduei. Parte hartzeko, erreserba egin behar da, 943 08 77 98 telefonora deituta.
Lehendabizi, Igartza Monumentu Multzoari bisita egingo diote, eta errota martxan ikusiko dute. Garai batean errotan hirina nola lortzen zuten ikusiko dute bisitariek, eta arto masa nola egiten zuten. Ondoren, bakoitzak bere taloa egin beharko du, eta amaieran txokolate apur batekin jango dute.
Antolatzaileen hitzetan, udan Goierrin turista asko ibiltzen dela aprobetxatuz, bertako gastronomia eta jaki tipikoak ezagutzera emate da tailerraren helburua. Ez da talo tailerra antolatzen duten lehen aldia. “Oso harrera ona du; batez ere haurrak, oso gustura ibiltzen dira”.