Irailaren 15etik 17ra, Agorreko Santikutzak ospatuko dituzte Legazpiko erdigunean. Aurtengo 35. sukaldaritza lehiaketako platera aukeratzeko bilera irailaren 5ean da
Legazpiko urteko jai nagusiak maiatzeko Santikutzak badira ere, iraileko Santikutzak txikiak direnik ezin da esan. Herriko erdigunean ospatzen dira Agorreko Santikutzak, irailaren 15etik 17ra ospatuko dituzte aurten. Egitaraua osatuta dago honezkero, baina oraindik lotzeko daukate jaien baitan egiten duten Gastronomia Lehiaketan parte hartzen dutenek prestatu beharko duten platera. Erabakia hartzeko bilera deitu dute, hain justu datorren astean izango da, irailaren 5ean, 18:00etan kultur etxean egingo dute.
Sukaldaritza lehiaketa irailaren 16an jokatuko dute Azokan 11:00etan hasita; goizez aurten ere. Sariak 14:00etan emango dituzte eta parte hartu nahi duten taldeek prestatu beharreko plateraren osagai guztiak eraman beharko dituzte.
Udaletik ohartarazi dute parte hartzea irekia dela eta taldeek, elkarteko kideek edota bikote soilek parte hartu dezaketela. Asmo hori dutenei irailaren 4a, astelehena, baino lehen jakinaraztea eskatu diete 943 73 70 30 telefono zenbakira goizez deituta edota irailaren 5ean egingo den bilerara joanda ere izena eman daitekeela jakinarazi dute kultur etxetik.
Jaietako kantu afaria
Doinua musika eskolatik ere deialdia egin dute Agorreko Santikutzetako kantu afarian parte hartzeko. Parte hartu nahi dutenei entseguak irailaren 5ean, 19:30ean hasiko direla jakinarazten diete.
Dagoeneko 15 urte dira Doinuak kantu afaria antolatzen duela. Eskolako hainbat irakaslek parte hartzen du eta guraso talde batek ogitartekoak banatzen ditu kantu saioaren aurretik; 200 bat ogitarteko inguru, ogitartekoak 3 euroan eta ardoa edo ura doan.
Kantu afariaren aurretik Txakel Urarte legazpiarrak aurreko kantu saioen argazkien proiekzioa egingo du. Kale Zaharrean izango da, Gernika plazan, 21:30ean.
Erraldoiak, bertsoak eta duatloi txikia
Dagoeneko prest dago datozen Agorreko Santikutzen egitaraua eta oraingoan ere ekintzez beteta dator.
Irailaren 15ean haurren bizikleta festa egingo dute Telleriarteko Txirrindulari Taldeak antolatuta. Ondoren erraldoiak eta buruhandiak aterako dira eta betso-triki poteoa izango da segidan; Unai Mendizabal, Aratz Igartzabal zein Ane Beloki bertsotan eta Uxue Untzilla eta Oihane Gurrutxaga trikitian arituko dira. Kantu afariak eta elektrotxarangak itxiko dute lehenengo eguneko egitaraua.
Larunbatean, irailak 16, haurren duatloia izango da, gastronomia lehiaketa, haurrentzako bola txapelketa, saskibaloi txapelketa herrikoia, erraldoi alardea, dantza emanaldia eta Gure Esku Dago-k antolatuta Gozategik kontzertua eskainiko du. Igandean, Gorostiagara igoera eta beste hainbat ekintza izango dira festen baitan.