Behi gazta urdina aurkeztu du Joseba Baezek, eta denboraldiko lehen babarrun beltzak Zaldibiakoak dira aurten, Kontxi Arizagak lekan salgai jarritakoak.
Abuztua askorentzat izan ohi da aparteko hilabetea oporrak direlako edota lan ingurunea aldatzen delako. Hori garbi antzeman da Ordizian: saltzaile batzuk oporretan, lanean etenik egin ez duenik ere izan da. Orokorrean baikor izan dira abuztuko ferietaz: «Kanpoko jende asko ibili da, Kataluniakoa, Valentziakoa… eta ni ondo aritu naiz lanean» zioen Itziar Arizmendi gazta saltzaileak. Beranduago hasten da martxa, 10.30etik aurrera hartzen du bere gorena, bertakoak nahiz kanpokoak elkartuz.
Produktuei dagokienez, bizi joan da hilabetea: tomate, kalabaza eta leka mota ezberdinak, txikoria, indaba pintto eta zuria, pikuak, sagar mota asko… Guzti hauek joan dira astero-astero ekartzen eta postuak dotore ageri dira eskaintza aberatsa eta kalitatezko produktuekin. Tomate urtea dela askori entzuten zaie. Salbuespenak salbuespen, ale eder askoak ikusten dira; joan zen astean 1.300 gramo pisatu zuen Maria Dolores Mendizabalek zituenetako batek. Sagar urtea dela, berriz, inork ez du zalantzan jartzen: «Kargarekin adarrak hausteko zorian eta hausten» dabil ahoz aho.
Behi gazta urdina aukeran
Joseba Baez, bere gazta egile ibilbidea orain dela 5 urte pasatxo hasi zuenetik, jakin minak eta esperimentatzeko grinak bultzatuta eskaintza handitzen ari da. Atzo gazta urdina ekarri zuen. «Prozesua ezberdina da, man-tsoagoa. Prentsatzerakoan zuloak utzi behar zaizkio eta propio egin ere bai arnasa hartu dezan. Epeak eta zaintza ere bereziak ditu». Lau hilabete zituen atzo ekarritakoak eta oso harrera ona egin zioten bezeroek. Kiloa 22 euroan izango du salgai astero.
Indaba beltza eta arto burua
Kontxi Arizagak ekarritako lehen indaba beltz kilo erdiak ez zuen postuan asko iraun. «Gutxi oraindik; hauek arto artean bilduta-koak dira eta ez dakit ba urte ona izango den» zioen, Tolosako Frontoiko Roberto Ruizen eskutan ziren. Horiekin batera, arto buru freskoak ere ekarri zituen. «Iaz bezero batek eskatu zizkidan, freskoan egosi eta bere horretan jateko. Ustez beste klase bat erabili ohi zen horretarako, baina gure betiko arto hau ere goxoa geratzen da» zioen Zaldibiako Kalbariotako Arizagak.
Datorren astean, jendez eta sonaz urteko feria handiena izango da, artzaina eta gazta protagonista dituena.