Zumarragan egiten zen alanbroia eta barra Olaberrian ekoizten dira. Baita Madrilgo arrabolak ere. Produkzio betean ari da
Arcelor Mittalen Olaberriko lantegian ekainean jarri zituzten bi ate-garabi handi. Altzairutegiak aurten izan duen ekoizpen igoeraren erakusgarri dira, Zumarragako eta Madrilgo lantegi itxietako produkzioaren zati bat Olaberrian ari baitira egiten, orain.
N-1 errepidetik ikusten dira bi garabiak. Zumarragako lantegia itxi ondoren, fundizioko palankilla Olaberriak hornitzen dio orain Bergarari. Horiek labetik atera ondoren, kamioietan kargatzeko erabiltzen dute garabi-portiko bat.
Bestea, berriz, laminazio arrabolak antolatzeko erabiltzen dute. Pieza horien ekoizpena Madrildik Olaberriara ekarri du Arcelor Mittalek.
Inoizko ekoizpen handiena
Arcelorrek Olaberriko altzairutegian kontzentratu du Gipuzkoako ekoizpena, baita Madrildik aldatuta ekarria ere. Pieza luzeetara dedikatzen da, eta aurten 1.000.000 bat tona egitura-perfil ekoiztea du helburua, Olaberriko labeen gaitasun beteraino igota.
Olaberriko planta handitzeko asmoa ere agertu zuen abenduan, gehiago zehaztu gabe.