Administrazio eta ingurumen arloko «berme guztiak» errespetatu direla dio. Zerbitzu juridikoa ari da Fiskaltzaren txostena lantzen. Natura zaintzeko «aktibo nagusia» artzaintza dela dio aldundiak
Aralarren iaz eraiki zen Intzentsao-Goroskintxu mendi bidearen proiektua Tolosako Epaitegira iritsi dela eta, atzo bere iritzia eman zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak, Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Oreka Departamentuaren bidez. Obrak aldundiak berak hartu zituen bere gain, Mankomunitateak hala eskatuta. «Legeak eskatutako prozedurak betez egin dira, bai ingurumenaren, bai administrazioaren ikuspegitik», azaldu dute foru iturriek.
Gipuzkoako Ingurumen Fiskaltzak lurralde antolamenduko planarekin bat ez zetozen eta lege hauste zantzuak lituzkeen hainbat jardunbide ikusi ditu proiektuan. Aldundiak, ordea, aurkakoa dio: «Prozedura guztiak bete dira, eta hori sinetsita gaude. Foru Aldundia eman beharreko azalpenak emateko prest dago, uste dugulako berme guztiak bete direla. Aralarren egin den lana bertako balio naturala eta bertako artzainen mesedetan egin da».
Salatzaileek jarritako argudio batekin bat egin du aldundiak, bere arrazoiketan: «Gogoratu behar da parke naturala eta Natura 2000 Sareko eremu batez ari garela. Egindako lanek, hain zuzen, artzaintza bultzatuz balio natural horiek etorkizunari begira bermatzea dute helburu».
Artzaintza, aktibo nagusia
Gipuzkoako Foru Aldundiak bere zerbitzu juridikoaren esku utzi du gaia. Abuztuaren bukaeran jaso zuten Ingurumen Fiskaltzaren ondorioen txostena. «Aztertzen» ari dira orain.
Aralarko bideak «hobetzeko» egitasmoaren arrazoi nagusia «bertako artzainen bizi baldintzak eta lan baldintzak babestea, eta irisgarritasun egoera hobetzea» direla gaineratu dute. «Ulertzen dugu artzaintza dela Aralarko balio kultural eta naturalak babesteko eta bermatzeko daukagun aktibo nagusia».
Aldundiak esan du Batzar Nagusiek eskatu ziotela lanei «eusteko» eta baliabide teknikoak jartzeko. «Mankomunitateak ere kontrako botorik gabe babestu izan ditu Aralarko pisten lanak. Urte hasierako inbertsio planak ez zuen ezezkorik jaso».