Irailaren 8tik gertuen dagoen asteazkeneko ospakizuna da feria handi hau produktuz eta harreraz. Eguraldiak ez du asko lagundu, baina jende ugari ibili da Ordiziako kaleetan.
Lehen edo bigarren asteazkenean izango den feria askoren galdera da data hurbiltzen doan neurrian. Feria handi hau egutegiak markatzen du. Izan ere, San Bartolome egunean egitetik irailaren 8ra atzeratu zen feria hau ia aspaldi. 8an ez ezik, hurrengo bi egunak ere festa egun izaten omen ziren. Gaur egun, berriz, asteazkenez izaten da beti Euskal Jaien barnean eta irailaren 8tik gertuen dagoen asteazkenez hain zuzen ere. Ez da justu asteroko saltzaile denentzat feria gustukoena, hala ere jende aurreko erakuts leku ederra dela ezin ukatu.
Asteroko plaza gunean erreparatuz, bada azpimarratzeko produktu berri dezente. Intxaurrak hasi dira, ohikoenak 5 euroan kiloa Itsasotik eta Altzagatik ekarriak, eta nafar intxaurra edo intxaur handia, Mutiloako Atiberkoak atzo bertan bildutakoa, 6 euroan. Lehen gaztainak ere bai, Oiartzundik eta Aramatik ekarrita, kiloa 3,5-4 euroan. Bruselazak, berriz, Miren Jauregik ekarri ditu eta, kiloa 6 euroan, laster asko saldu zituen. Indiaba beltz gehixeago izan da aste honetan, 8 bat kilo Kontxi Arizagak ekarrita.
Produktuen edertasuna
Bitxikeriarik ere ez zen falta. Batetik, produktu berri bat aurkeztu zuen Arantxa Zurutuzak iloba Liher Sukia lagun zuela: «Tailandiatik ekarri digute hazia eta ezer ez bada ulertzen ere, kuiatxoaren antzekoa dela esan digute, probatutakoan esango dugu» umorez aipatu dute haziaren gutun azaleko hizkuntza eta grafia ulertzeko gai inor ez baitzuten.
Gaurko egunez ahalegin berezia ere egiten da aurkezpenari dagokionez eta produkturik hoberenak ekarri ohi dituzte. Hala, 1,435 kiloko tomatea zuen Patxi Arizmendik, 30 kilotik gorako kalabaza Arantxa Iparragirrek, 400 gramoko azenarioak Maria Jesus Oriak, Maite Iturbek atzorako propio egin zituen lehen arto opilak, Mikel Lasak kategoriako onddoak eta zizahoriak, Jon Etxeberria erlezaina berriz ere feriara etortzen hasi zen…
Oso aurkezpen zaindua ere bai hainbat postutan, hala aipamen berezia jaso zuten Axun Etxeberriak (Zaldibia), Arantxa Iparragirrek (Montes Etxea, Ibarra), Patxi Arizmendik (Arama) eta Edurne Jauregik (Baliarrain). Datorren astetik aurrera merezi duen arreta eskainiko diogu bakoitzari.
Atzo gazta eta artzainak izan ziren protagonista urteko sona handieneko ferian. Sariak sari, Segurako Joanmari Urbizu Izagirreri entzun genion moduan, «gaztak irabazi beza eta almazenak hustu bitez».