«Aralarko altxorrak babes ditzaketen bakarrak artzaintza eta abeltzaintza dira», esan du Santamariak. Aldundiaren iritzi bera berretsi du Goroskintxuko auzian
Latxa arrazako ardia, arkumeak ondoan dituela. // Argazkia: Txakel Urarte
Euskal Jaietako aparteko azokaren biharamunean, Enirio-Aralarko Mankomunitatearen presidenteak artzaintzaren eta abeltzaintzaren defentsan agiria atera zuen, atzo. Batetik, Intzentsao-Goroskintxu pista epaitegietara iritsi izanaren harira, egindako lanaren «defentsa eta balioa» aldarrikatu du Jose Miguel Santamaria lehendakariak. «Kudeaketa Planeko ekimen guztiek natura artatzea eta sektorea indarberritzea dute helburu. Horrekin bat eginez, gehiengoz onartu genuen», oroitu du.
Bestetik, artzainen eta abeltzainen aldeko defentsa sutsua egin du: «Artzaintza eta abeltzaintza dira Aralarreko altxorrak babes ditzaketen bakarrak, bertako larreen habitatak, bertako balio naturala zein kultura-ondarea berma dezaketen bakarrak. Gizarte osoaren babesa eta laguntza behar dute horretarako», adierazi du Santamariak.
Artzainak, «ezinbesteko»
Areago, herenegun Ordizian ospatu zen aparteko azokari erreferentzia eginez, «artzainei» babesa eta laguntza emateko aukera ezin hobea dela gehitu du. «Baina babes hori alferrikakoa eta itxurakeria hutsa da, gero, gure erabakietan eta eguneroko bizitzan, artzaintzaren biziraupena bermatzeko neurriak hartzen eta babesten ez baditugu».
Ildo horretatik, etorkizunerako eta Aralarko ingurumen balioak mantentzeko, ganaduzaleen sektorea «ezinbesteko eragilea» dela kalifikatu du Man- komunitateko lehendakariak. «Artzaintzaren, eta, oro har, abeltzaintzaren presentzia bermatzea ezinbestekoa da. Horixe da Aralarko bideak hobetzeko egitasmoaren arrazoi eta xede nagusia: artzainen bizi eta lan baldintzak hobetzea, haien bizimodua duintzeko».
Lege guztiak «beteta»
Foru Aldundiak aste honetan iritzi dionarekin bat etorriz, Mankomunitateak ere ziurtatu du «ingurumen nahiz administrazio ikuspegitik, legeak ezarritako prozedura guztiak betez» burutu direla Intzentsaotik Goroskintxuko txaboletara bitarteko pistaren obrak. «Eta horrela jarraituko dugu», gaineratu du. Pista sarea osatzen segitzeko, Enirio-Doniturrieta proiektuarekin ari da lanean orain elkartea.