Ilintxako eta Eibarko jokalariak elkar agurtzen, partidaren bukaeran. Arg. I. Gurrutxaga
Legazpiko Gazteak futbol taldea orain dela 15 urte sortu zela ospatzeko, talde horretako, Ilintxako, Realeko eta Eibarko beteranoek txapelketa bat jokatu zuten larunbat arratsaldean Bikuña futbol zelaian. Lehen partida Legazpiko Gazteek eta Realak jokatu zuten, eta 0-1 nagusitu ziren kanpokoak. Bigarrenean, Ilintxak eta Eibarrek bina berdindu zuten –partidaren hondarrean sartu zituzten bi golak legazpiarrek–, baina penaltietan eibartarrek irabazi zuten (5-4, seina penalti jaurtita). Finalean, Eibarrek eta Realak neurtu zituzten indarrak, eta lehenak atera ziren garaile (1-0).
Bikuñara jende mordoxka bat inguratu zen partidak ikustera –45 minutukoak izan ziren–, eta txapelketaren hasieran minutu bateko isilunea gorde zuten aurreko udan moto istripuz hil zen Alain Cuesta gogoratzeko –Ilintxako jokalari izandakoa–. Eguna, Aitxuri jatetxean afalduz borobildu zuten Legazpiko Gazteak taldeko eta Ilintxako jokalariek.