Mutiloako Lurpe zabortegira doazen kamioietatik babeste aldera egingo dute bidea; aldundiko Ingurugiro sailak finantzatuko du. Kultur Etxe atzean adinekoentzat ariketa parkea egingo dute
Itxune tabernaren atzean, zubiaren azpian seinalatuta dago jada bidegorri berriak izango duen trazatua. Bidegorriak eskolara nahiz kirol instalakuntzetara doazen oinezko eta bizikleta gidarien «segurtasuna bermatuko» duela dio Jon Enrique Ormaiztegiko alkateak. Alabaina, Lurpe zabortegira doazen kamioien zenbatekoaren igoerari emandako irtenbidea «gazi gozoa» dela ere gehitu du: «Bidegorriak ez du arazoa konponduko. Zabortegia 20 urtez hor egon da eta guk hasieratik zirkulazioa arazo bat zela defendatu dugu».
Cespa enpresak kudeatzen duen Lurpe zabortegiak hondakin industrial geldoak jaso izan ditu urteetan. Gipuzkoako Foru Aldundiak hiri-hondakinak bi urtez edo bi urte eta erdiz bertara eramatea erabaki zuen; aldunditik esan zutenez, Zubietako planta bukatu bitartean.
Mutiloara doazen hondakinez betetako kamioiak Ormaiztegitik igarotzen dira; egunean 100 bat kamioi.
Kamioien ibilbideak eskolara zein kirol azpiegituretara doazen ormaiztegiarren ibilbidearekin bat egiten du. Bihar eraikitzen hasiko diren bidegorria kamioietatik urrundu nahi ditu oinezkoak. Bidegorriak 3, 5 metroko zabalera izango du eta oinezkoen zein bizikleta gidarien lekuak margoz bereiziko dituzte.
Bidegorria aldundiak finantzatuko du eta aurrekontua 106.243 eurokoa da. Bide Azpiegitura sailak proiektuaren erredakzioa bere gain hartu zuen, nahiz eta Ingurumen sailak finantzatuko duen. Aldundiak kultur etxearen atzeko aldean adinekoek ariketa fisikoa egiten dezaten hornitutako parkea ere finantzatuko du.
Antoneneko lur sailetarako aurreikusita dagoen hirigintza proiektuarekin talkarik ez egiteko trazatua izango du bidegorri berriak. «Izapide asko bete behar izango ditugu. Lur sailak jabe pribatuenak eta ADIFenak ziren eta hitzarmenak sinatu behar izan ditugu».
Alternatibarik ez
Ormaiztegiko alkateak atzera egin du denboran eta udalaren apustua Ormaiztegitik kamioirik ez igarotzea zela adierazi du: «Bi aukera genituen baina bietako batek ere ez du balio izan».
Autobia txiki bat egiteko proiektua gogora ekarri du kamioiak herritik ez igarotzeko. «Aukera hori erabat alboratu genuen egungo hirigintza planeamenduarekin ez zetorrelako bat».
Beste alternatiba kamioiak Lierniko gainatik desbideratzea zen, baina arazo teknikoak sortzen zituen. Errepide bihurria eta landa lur dezente desjabetu behar zirela dio alkateak, «irtenbide horrek ere ez zuen balio». Sei hilabetetan Bide Azpiegitura sailarekin lanean aritu direla eta, dionez, ez dute beste irtenbiderik topatu.